Tortura

1978tik gaurdainoko tortura kasuak ikertzera dei egin dute Nafarroako Gobernua

Nafarroako Torturatuen Sarea elkartea aurkeztu dute Berriozarren, eta ekainaren 25ean antolatuko duten mobilizazioan babesa adieraztera dei egin diete herritarrei

Nafarroako Torturatuen Sarearen agerraldia Berriozarko musika eskolako areto nagusian. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2022ko otsailaren 12a
13:45
Entzun

Berriozarko musika eskolako areto nagusia jendez lepo egon da gaur. Bertan, hainbat belaunalditako nafarrak zeuden. «Elkarte bezala eratu garela, torturatuen sarea ehuntzen hasiak garela eta aretoan bildutakoak sare horren parte garela adierazi nahi dugu, jakin badakigun arren mila ahots eta aurpegi isilarazi dituela». Lohizune Amatria Mikel Zabalzaren ilobak elkartearen nondik norakoak azaldu ditu, euskaraz.

Agerraldiak ikusmina sortu du komunikabideen artean. 10:00etan batzarra egin du sareak, eta 11:30ean bere burua aurkeztu die kazetariei. Data ez da halabeharrez aukeratua izan, Joxe Arregi torturatuta hil zutenetik 41 urte beteko baitira bihar, eta Euskal Herriko torturaren egunaren bezpera baita, hortaz.

Ikusi gehiago:«Hanka sartze handia litzateke ikerketa ofiziala ez egitea»

Agerraldia amaituta, 12:00etan Nafarroako erakundeetako ordezkariekin eta politika, gizarte eta lan arloetako eragileekin elkartu dira. Bertan izan dira Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria, Martin Zabalza Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia eta Blanca Burusko Bake eta Bizikidetza zuzendaritzako biktimen bulegoko ordezkaria. Alderdien artean, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrako ordezkariek babesa adierazi diote sareari. Sindikatuen artean, ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK eta CGT izan dira; gizarte eragileen artean, Foro Soziala, Salhaketa, 78ko Sanferminak Gogoan, Etxerat eta Egiari Zor.

Torturaren datuak

Torturaren errealitatea maiz estalia izan bada ere, uneotan dituzten datu batzuk ezagutarazi dituzte. 1960tik 2014raino Nafarroan mila lagun inguru torturatuak izan dira. Guztira, lurraldeko 80 herritako biztanleei eragin die giza eskubideen urraketa larri horrek. Haren ondorioz, bi lagun hil dira: Mikel Zabalza eta Antonio Goñi Igoa. Heriotza hura ez zen ezagutarazi, eta Goñiri gertatutakoaren berri eman zuten iazko ekainaren 25ean.

Halaber, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak espainiar estatua zigortu du Mattin Sarasola eta Igor Portu torturatzeagatik, baita beste lau nafarren salaketak ez ikertzeagatik ere —Oihan Ataun, Jon Patxi Arratibel, Xabier Beortegi eta Iñigo Gonzalez—. Gainera, 2011n, Europako Torturaren Prebentziorako komiteak sinesgarritasuna eman zien hiru nafarren testigantzei txosten batean.

Datu horiek izanik, sareak torturatuak izan direnen errolda bat osatu nahi izan du auzolan baten bidez, ahalik eta argazki zehatzena izateko asmoz. «Badakigu ez dugula egun batetik bestera egingo, mila pertsona horiengana iristea ez delako erraza. Horietako batzuk jada ez daude gure artean, edo beren kasuaren berri emateko idatzi bat betetzeak iraganeko mina azaleratzen die». Egin beharreko lana dela deritzote, eta hura aurrera ateratzeko «determinazio osoa» dute.

Iragan legealdian, Nafarroako Gobernuak tortura ikertzeko deialdi bat egin, eta EHUko Kriminologia Institutuak ardura hori hartu zuen, 2018an. Espainiako Gobernu ordezkaritzak errekurtsoa jarri zuen, eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zuen deialdia. Hala ere, Ana Olloren Herritarrekiko Harremanetako Erakundeak 1960tik 1978ra arteko tortura kasuak ikertu zituen. Frankismoaren hondarrean eta trantsizioaren hasierako urteetan tortura «sistematikoa eta orokortua» izan zela ondorioztatu zuen<: 204 kasu aztertu ostean, 169 baieztatu zituen.

Sareak Nafarroako Gobernuari eskatu dio ikerketa horren epea 1978tik gaurdaino zabal dezala. «Ikerketa ofizial, zientifiko eta independentea» izan dadila eskatu dute: «Nafarroan estatuko segurtasun indarrek zenbat pertsona torturatu dituzten argitzeko eta ondorioz giza eskubideen urraketa larri horrek izan dituen ondorioen egiazko argazkia lortzeko. Torturaren aitortzarako bide egokiena dela uste dugu».

Manifestazioa ekainaren 25ean

Gizartearen babesa ere eskatu dute. Ekainaren 25ean, torturaren biktimen nazioarteko egunaren bezperan, mobilizazioa egingo dute, eta bertan parte hartzera dei egin diete herritarrei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.