Barakaldoko udaletxea Herriko plazan dago. Eraikineko balkoian lau bandera daude: eskumako aldetik hasita, Europako Batasunekoa, Espainiakoa, ikurrina, eta, erdian, Barakaldoko armarria duen bandera gorri iluna. “Barakaldoko Udalaren estandartea da”, argitu du Barakaldoko Alkatetza zinegotzi Gorka Zubiaurrek. “Erakundea ordezkatzen du, baina herri osoa ordezkatuko duen bandera bat falta dugu; inguruko herri nagusi gehienek badute eurena”, gehitu du. Horri konponbidea ematea erabaki du udalak. Bost bandera proposatu ditu, eta haietako bat hautatzeko aukera dute barakaldarrek. Joan den astelehenean hasi ziren horretan, eta parte hartu nahi dutenek etzi arteko epea dute.
Bozkatzeko hainbat aukera eskaini ditu udalak. Batetik, modu digitalean, Barakaldo.eus udal web orrian sortu duten atalean edo gailu eramangarrietarako udalaren aplikazioan sartuta. Bestetik, udal aldizkariaren bitartez botoa emateko paperak banatu dituzte, eta udalerriko auzo guztietan ipini dituzten buzoietako batean eman dezakete botoa herritarrek; guztira, hamalau buzoi daude. “Parte hartzeko erraztasun guztiak eman nahi izan ditugu, parte hartzea ahalik eta handiena izatea lortu nahi dugulako”.
Zubiaurrek kontatu du herritarrek esan izan dietela Barakaldok bandera baten beharra duela: “Behin baino gehiagotan etorri zaizkigu galdetzera ea gure herriak zergatik ez duen banderarik. Beraz, uste dugu herritarrentzat ere badela Barakaldon dugun behar bat”. Prozesua luzea izango dela azaldu du. Joan den urtearen bukaeran abiatu zuten, eta espero dute datorren urterako bandera ofiziala izango dutela. Lehen pausoa Espainiako Elkarte Bexilologikoarekin harremanetan jartzea izan zen. Banderen ikerketaz arduratzen den erakundea da. Elkarteak txosten bat egin die, eta kolore beltza eta horia dituen bandera bat proposatu dio udalari. Udalak aukera gehiago eskatu dizkio elkarteari, eta beste lau jaso ditu. Bost horien artean hautatu behar dute herritarrek.
“Barakaldo ondoen ordezkatzen duten koloreak direla esan digute txostenean. Batez ere, diotenez, herriko futbol klubaren koloreak direlako, baina guk gehiago ere uste dugu: futbol klubaren koloreak ez ezik, herriko kirol elkarte gehienen koloreak ere badira, eta herriko jaietako kartel irabazleek beti izaten dituzte kolore horiek”, azaldu du Zubiaurre zinegotziak. 1917an sortu zen futbol kluba, eta, beraz, ehun urtetik gora ditu barakaldarrek bi kolore horiekin duten harremanak. Horia eta beltza erabilita osatu dituzte bost banderak.
Ez dakite zer lotura duten kolore horiek futbol klubarekin. “Ikertzen ibili gara, bati eta besteari galdetuz; ez dugu topatu azalpen ofizialik. Norbaitek esan dit taldearentzako kamisetak erostera joan zirenean, kolore horiek zituztenak topatu zituztela, eta horrela bihurtu zirela klubaren koloreak”.
Barakaldarrek hautatuko duten bandera udalaren osoko bilkurara eramango dute, han gehiengoaren oniritzia jaso dezan. Ondoren, Bizkaiko Batzar Nagusietara bidaliko dute erabakia. “Batzar Nagusiek hainbat txosten tekniko egin behar dituzte, eta, haiek prest dituztenean, behin betiko onartuko du osoko bilkurak Barakaldoko bandera”, adierazi du Zubiaurrek.
Auzoen batasuna
Behin ofizial bihurtuta, udaletxeko balkoian ipiniko dute, eta herriko toki ofizial guztietan. Horrez gainera, herritarrek ere erabiliko dutela espero dute; besteak beste, jaietan. Zubiaurrek esan du Barakaldon auzo nortasun handia dutela. “Jendeari galtzen badiozu nongoa den, beti erantzungo dizu bere auzokoa: Gurutzetakoa, Lutxanakoa, San Bizentekoa… Ni neu, adibidez, Kastrexanakoa naiz, eta harro esaten dut. Hori oso polita da. Baina, aldi berean, barakaldarrak gara guztiok, eta nahi dugu banderak auzo guztietakoak batzea eta ordezkatzea”.
Nahiz eta bandera ereduetan ez dagoen halakorik, behin betikoak armarria izango du erdian. Han daude, besteak beste, herriko dorretxeak ordezkatzen dituzten hamabi kanoiak irudikatuta: Aiara, Aranguren, Bengolea, Beurko, Retuerto, Irauregi, Susunaga, Zuhatzu, Larrea, Llano, Lutxana eta Lurkizaga. Auzo horien bat egitetik eratu zen Barakaldoko San Bizente elizatea. Hartara, armarriak ez ezik, banderak ere ordezkatuko du udalerria osatzen duten auzoen arteko batasuna.