Imanol Rojok osatua du bere bigarren proba Pekingo Olinpiar Jokoetan: 39. izan da estilo klasikoko 15 kilometrokoan. Manex Salsamendi nafarrak ere parte hartu du proba berean, eta 90. izan da Brasilgo selekzioko 19 urteko kidea. Livo Niskanen finlandiarrak irabazi du urrezko domina, Alexander Bolxunov errusiarrak jantzi du zilarrezkoa, eta Johannes Klaeborentzat izan da brontzezkoa.
Rojok dotore ekin dio lasterketari, eta hirugarren kilometroan 19 segundo gehiago zuen liderraren aldean. 7,5. kilometroan, 18 segundora txikitu du aldea. Gero, ordea, hortik aurrera behera egin du Tolosakoak (Gipuzkoa), eta, azkenean, 41.24 minutuko denbora osatu du. Garaileak 3.29 minutu atera dizkio. Lanak amaitu eta gero, probaren balorazioa egin du: "Egindakoarekin oso pozik nago. Sentsazio onak izan ditut 10. kilometroraino, baina hor amaitu zaizkit energiak. Uste baino azkarrago hasi naiz; horrek erre egin nau pixka bat, baina onena da fisikoki ondo nagoela, eta distantzia luzeetan askoz hobeto noala. Kontuan izan behar da ez dela nire distantziarik gustukoena, baina nire emaitzarik onena da, hala ere".
Tolosarrari hirugarren proba geratuko zaio orain Joko hauetan: 50 kilometrokoa. "Hauxe da nire helburu nagusia, eta 17. postua hobetzea jarri dut asmotzat".
Salsamendiren lana aztertzerakoan, denbora honekin osatu ditu lanak: 50.35 minutu. Txapeldunak 12.40 minutu atera dizkio. 9. kilometroan 8.29 minutuko atzerapena zeukan, eta 10.ean, 9.31koa.