Sarek manifestaziora deitu du biharko Galdakaon (Bizkaia), Jon Crespo euskal presoaren herrian. 13:00etan abiatuko da protesta, Kurtzeko plazatik, Etxerako bidean oztoporik ez! lelopean. Izan ere, salatuko dute Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz berriro kartzelara itzularazi dutela Crespo. Preso galdakoztarra hirugarren graduan zegoen, kalean, Basauriko espetxeko tratamendu batzordearen eskariz, baina bigarren graduan ezarri dute berriro, eta, beraz, kartzela barnean egon beharko du.
Sareren ustez, Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakia «bizikidetzarako bidea oztopatzeko beste urrats bat» da. Ohartarazi dute tratamendu batzordeek «irizpide profesionalen» arabera erabakitzen dutela presoak graduz aldatzea edo haiei baimenak ematea, baina irizpide horiek «zuzendu» egiten dituela fiskaltzak, presoen bilakaeraren berri izan gabe: «Jarrera horren oinarrian irizpide politikoak baino ez daude, eta gainditu behar eta nahi ditugun etapetara garamatza».
Basauriko tratamendu batzordeari eskatu diote Crespo berriro hirugarren graduan jar dezatela.