Sexu abusuak Elizan

Eskola erlijiosoetan sexu abusuak jasandako 60 biktimaren testigantzak bildu ditu Nafarroako Gobernuak

Sexu abusuen egiturari eta dimentsioari buruzko txostena aurkeztu du Eduardo Santos kontseilariak.

NUPeko Mikel Lizarraga, Eduardo Santos kontseilaria, eta Marivi, abusatutako haurren izenean hitz egindako biktima, gaur. ION ORZAIZ / BERRIA
Ion Orzaiz.
2022ko otsailaren 11
11:31
Entzun

Elizaren sexu abusuei buruzko txostena aurkeztu du Nafarroako Gobernuko Justizia eta Migrazio Politiketako kontseilari Eduardo Santosek. Zehazki, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerlari talde batek ondu du txostena, eta sexu abusuen biktima izandakoen salaketak hartu dituzte oinarri horretarako. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Unesco katedrako zuzendari Jon Mirena Landak eta NUPeko aditu Amaia Alvarezek eta Roldan Jimenok ere parte hartu dute azterlanean.

Elizaren sexu abusuen auzian Nafarroako Gobernuak duen egitekoa zein den argitu du Santosek, irmo: dioenez, «biktimak babestea» da eginbeharra. «Gu ez goaz inoren kontra, biktimen alde baizik», zehaztu du kontseilariak. Halaber, azaldu du sexu abusuena ez dela «Eliza Katolikoaren arazo bat, Eliza Katolikoan gertatu den arazo bat baizik». Hain zuzen ere, azpimarratu du lankidetza ezinbestekoa dela auzi honetan: «Beharrezkoa izanen dugu Elizaren laguntza, auzi honetan argia jarri nahi badugu. Horregatik eskatu diegu beren artxiboak zabal ditzaten».

Txostenean bildutakoei erreparatu die Santosek, eta ondorio nagusiak aletu. Halere, aitortu du txostenean azaltzen diren kasuak «oso gutxi» direla: «Icebergaren tontorra besterik ez da. Seguruenik, gehiago azaleratuko dira, biktimek hitz egitera ausartzen diren heinean». Edonola ere, fiskaltzari helarazi diote dokumentua, hark «beharrezkotzat jotzen dituen ekinbideak abiatu ditzan». Parlamentuan gaiari erreparatzeko batzorde legegile bat abiarazi nahi duela ere iragarri du Santosek. Han eginiko lanean oinarrituta, foru lege bat ere ondu nahi dute, «ahalik eta kontsentsurik handienarekin».

Biktimak topatzea, zail

Txostenaren arduradunak, NUPeko Mikel Lizarragak, ikerlanaren nondik norakoak aletu ditu. Azaldu duenez, 42 testigantza jaso zituzten hasieran txostena ontzeko, baina prozesua hasi zenetik, biktima gehiagok eurengana jo dute. Nabarmendu du, guztira, «ia 60 kasu» aztertu dituztela. Santos kontseilariak gaineratu du, hala ere, horiek «izozmendiaren tontorra» besterik ez direla, «biktima askok ez dituztelako erasoak publiko egin nahi izan».

Era berean, Lizarragak esan du «zailtasun handiak» izan dituztela testigantzak jasotzeko: «Biktima askok ez dute bere burua biktimatzat identifikatzen. Ez dute uste sufritutakoak sexu abusuak izan zirenik, beste jende askok ere sufritu zituelako eta, nolabait, normalizatu egin dutelako. Beste askok, berriz, inkontzientean lurperatu dituzte erasoak, erabat ahazteraino». Halaber, esan du salaketa gehiago ez azaleratu izanaren atzean «Eliza Katolikoak oraino duen eragina eta itzal luzea» dagoela: «Batzuek salaketa jartzeko urratsa egin dutenean, ingurukoen presioa jasan behar izan dute. Esan diete ez duela merezi halakoak salatzea, eta zenbait biktimak, gainera, mehatxuzko oharrak jaso izan dituzte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.