Murrizketa guztiak bertan behera utzi ditu Jaurlaritzak

Osasun larrialdia amaitutzat eman dute, eta Labi bera sakabanatzea erabaki dute. Datorren astelehenetik aurrera sartuko da indarrean Labiren erabakia.

Herritarrak paseoan eta erosketak egiten maskarak jantzita. GORKA RUBIO
Edu Lartzanguren - Irati Urdalleta Lete
2022ko otsailaren 10a
19:12
Entzun

Izurria dela-eta ezarritako murrizketa neurri guztiak bertan behera utzi ditu Eusko Jaurlaritzak. Ez tabernetan ordutegi mugarik, ez hamarnaka eseri beharrik, ez edukiera murrizturik. Labik hala jakinarazi berri du: aurrerantzean bertan behera geratuko dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19ari aurre egiteko neurri guztiak. Eta Eusko Jaurlaritzak amaitutzat eman du osasun larrialdia ere. Larunbatean jakinaraziko dute zehatz-mehatz neurriak nola arinduko dituzten, eta astelehenetik egongo da indarrean Labiren erabakia. Madrilen esku dauden neurriak soilik mantenduko dira: kirol estadioetako edukierak eta maskara erabili beharra.

Datu batzuk eman ditu erabakia berresteko: besteak beste, esan du urtarrilaren 4an 14.000 kasu baino gehiago atzeman zituztela, eta herenegun, 1.778; azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 1.956 kasura jaitsi dela; eta kutsatutako bakoitzak beste zenbat pertsona kutsatzen dituen adierazten duen R0a 0,68koa dela adierazi du, 2020an konfinamendu estua amaitu zenetik txikiena. Gainera, goraipatu du adierazle guztiek beheranzko joera dutela, eta omikron aldaerak hildako eta ospitaleratze gutxiago eragiten dituela proportzioan.

Txertaketari ere erreparatu dio. Txerta daitezkeen herritarren %93k txertoa hartua dutela ere jakinarazi du, eta horren garrantzia nabarmendu du: Urkulluren hitzetan, positibo eman duen txertatu gabeko pertsona batek lau aldiz arrisku handiagoa du ospitaleratzeko txertatuta dagoen batek baino.

Halere, baina, «zuhurtziaz» jokatzeko eta prebentzio neurriak betetzeko eskatu die Urkulluk herritarrei, hala nola distantzia errespetatzeko, maskara janzteko eta leku itxiak aireztatzeko. Izan ere, esan du pandemia ez dela amaitu: «Pandemian jarraitzen dugu, eta hildakoak eta gaixotasun larriak eragiten ditu». Atzera egiteko aukera ere mahai gainean jarri du: «Ezin dugu jakin gainditzen ari garen seigarren olatu hau azkena izango denik».

Orain ezarrita dauden neurri nabarmengarrienak hauek dira: ostatu eta merkataritza guneetan 01:00etarako bukatu behar da jarduera oro, tokien edukierak ezin du gainditu %60ren langa, ostatuetan-eta gehienez hamarreko taldeak elkartu daitezke, eta barran ezin da kontsumitu. Horiek, beraz, bertan behera geratuko dira astelehenean.

Orain bi aste egin zuen azken bilera Labik, eta, Jaurlaritzako iturrien arabera, orduan neurriak luzatzea erabaki bazen ere, «argiagoa eta positiboagoa» da orain osasun krisiaren egoera, eta horrek modua ematen du aurrerako urrats handi bat egiteko. Eta antzeko norabidean ari dira erakunde gehiago ere. Nafarroan atzo jakinarazi zuten murrizketa handienak bertan behera utziko dituztela hilaren 15etik aurrera. Indarrean jarraituko dute, hala ere, hainbat neurrik: esaterako, toki itxietan maskara erabili beharko da.

Espainiako Gobernuak horretarako modua emanda, kalean gaur ja ez da beharrezkoa maskara eramatea, eta jolasgaraietan ere umeak maskararik gabe uztearen aldeko ahotsak ozendu egin dira. Nafarroan ja badute horretarako era, eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Hezkuntza sailek hitzartuta, Eusko Jaurlaritza ere horren aldeko mezuak helarazten hasi da gaur eskoletara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.