Espainiako Auzitegi Nazionalak 2020. urtean erabaki zuen Jaione Jauregiren kontra zegoen auzi bat bertan behera uztea, hari leporaturikoak preskribatuta zeudelakoan. Fiskaltzak, ordea, helegitea jarri zion erabakiari, eta Espainiako Auzitegi Nagusiko II. salak onartu egin du helegitea, eta, beraz, auziak aurrera jarraituko du.
ETAk 1981. urteko ekainaren 14an eginiko ekintza batekin lotu nahi du Jauregi fiskaltzak, eta zera leporatzen dio: «eraso terrorista, eta hiru guardia zibilen hilketa zapuztua».
Gorenak erabaki du auzia ez dagoela preskribatuta, 1988. urtean Auzitegi Nazionalak batek erabaki baitzuen auzia berriz zabaltzea, aurreko urtean atxiloturiko pertsona batek eginiko deklarazioa gehitu ziotela-eta sumarioari. Guardia Zibilaren arabera, atxilotuak onartu zuen ETAko kidea zela, eta Jauregirekin aritu zela, besteak beste, auzi horretako erasoan.
Beraz, Gorenak baieztatu egin du Auzitegi Nazionalak Jauregi auzipetzeko asmoz2004. urtean eman zuen agindua, eta erabaki du auziak jarraitu egin behar duela.
Belgikak 2020ko azaroan entregatu zion Jauregi Espainiari. Urteak zeraman Gante hirian bizitzen (Flandria), eta han egiten zuen lan. Iheslaria izan arren ezkutuan ez zela bizi adierazi zuen berak.
Alfonso Zenon abokatua aritu zen Jauregiren defentsan, eta hura askatzeko eskatu zuen, leporatzen zioten delitua preskribatuta zegoelako, «modu argian». Izan ere, hogei urteren buruan preskribatzen dira halako kasuak, haren arabera. Nabarmendu zuen 2005era arte ez zela Jauregiren izenik aipatu prozeduran. Haatik, Jose de la Mata epaileak Jauregi espetxeratzea erabaki zuen.
Iheslariak BERRIAri emaniko elkarrizketa batean esan zuen «trukerako txanpon bilakatu» zutela. «Ipar Euskal Herrian errefuxiaturik nengoela, handik alde egin behar izan nuen, paperak kendu zizkigutelako, eta garai hartan GALek ere lasterka ibiltzera behartu gintuen. Handik, Mexikora joan nintzen, eta, gero, Belgikara etorri nintzen. Hemen ere jazarpenak ez du etenik izan».
Espainiak duela ia berrogei urteko hilketa batengatik eskatu zuen Jauregiren estradizioa. ETAko kide gisa 1981eko martxoan Ramon Romeo Espainiako armadako teniente koronela hiltzea leporatu zioten, estradizioa eskatzeko.