Alderdiak

EAko militantzia eten izana «bidegabekeriatzat» jo du Maiorga Ramirezek

Hari eta sektore kritikoko beste lau kideri lau urterako militantzia etetea «hutsegitea» dela deritzo, eta, barne organoetan errekurtsoa jartzeaz gain, auzitara jotzeko asmoa iragarri du.

Maiorga Ramirez EAko sektore kritikoko ordezkaria eta EH Bilduko parlamentaria. VILLAR LOPEZ / EFE
2022ko otsailaren 10a
12:06
Entzun

«Praktikan, lau urterako kanporatu gaituzte». Maiorga Ramirez EAko sektore kritikoko ordezkaria haserre agertu da EAk hartutako erabakiarekin: Nazio Batzorde Eragileak aho batez onartu du hari eta beste lau kideri militantzia etetea proposatzen zuen ebazpena. Edukiaz gain, moduekin ere oso kritiko agertu da Ramirez. Haren esanetan, oraindik ez dute jaso jakinarazpena: «Zuzendaritza nazionalak hau guztia argitara ateratzeko bidea hautatu du, espedientea ireki zaigunoi horren berri izateko eskubidea bera errespetatu gabe».

Nafarroako Parlamentuan osoko bilkura hasi aurretik mintzatu zaie kazetariei. Maiorga Ramirez, Iratxe Lopez de Aberasturi, Mikel Goenaga, Miren Aranoa eta Esther Korresen aurkako erabakia izan da, eta Ramirezek azpimarratu du Nafarroan eragin berezia duela, Aranoa Nafarroako koordintzaile baita eta Korres Iruñekoa —Goenaga Gipuzkoako koordinatzailea da eta Lopez de Aberasturi Arabakoa—. «Alderdi barruan ardura handiko pertsonak kanporatu dituzte, guztiak ere afiliatuek aukeratuak».

Ramirezen arabera, ezinezkoa da erabakia aho batez hartu izana batzorde eragilean tokia dutelako Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako koordinatzaileek. «Zuzendaritza nazional horretako hiru kideri ez zaie bozkatzen utzi, eta gainerako bostek erabaki dute gu kanporatzea».

2019ko urrian idazkari nagusia hautatzeko prozesuan piztu zen krisia, nahiz eta aurretik ere hainbat aurrekari izan. Hauteskunde Antolaketa Batzordeak lehiatik kanpo utzi zuen Maiorga Ramirezen hautagaitza: 400 berme aurkeztuagatik, Ipar Euskal Herrian ez zituela abal aski eskuratu argudiatu zuen batzordeak. Eba Blanco izendatu zuten idazkari nagusi, baina sektore kritikoak auzitara jo eta Gasteizko Auzitegiak Blancoren izendapena eten zuen behin-behinean.

Ramirezen arabera, Gasteizko Lurralde Auzitegiak bere oinarrizko eskubideak urratu zituela ebatzi zuen, prozesua errepikatzera deitu zuen eta «Blancoren autoizendapena baliogabetu zuen». «Hortik aurrera nire aurka diziplina espedientea ireki zen, eta, gaur-gaurkoz, ez nago ziur zehazki zein den sorrerako salaketa eta zer gertaeratan oinarritu diren, arau hauste larria edo oso larria egin dudala leporatzeko». Haren esanetan, ez du instruktorearen aurrean deklaratu, ezin izan du frogarik aurkeztu eta zigortua izateko oinarri izan den agiririk ikusi.

Ramirezen arabera, prozesua «erabat irregularra» da. Batzorde eragileak 30 eguneko epea eman die alegazioak aurkezteko eta sektore kritikoko ordezkariak aurreratu du errekurritzeko asmoa duela. Halaber, urratutako eskubideak babesteko auzitegi guztietara joko du.

Egoera hau guztia Kongresuaren atarian gertatu da. Lehenik, otsailaren 19an eta 20an, eta, ondoren, martxoaren 3an eta 4an egitekoa zen XIII. kongresua, bi asteburutan. Ramirezen arabera, martxoko bilera desagertu da. «Ez dakigu idazkari nagusia hautatzeko prozedurarik antolatu nahi duten». Sektore kritikoak primario bidez egin nahi du prozesua, militante guztiek hautatu dezaten. Ramirezek gogorarazi duenez, Kongresuan alderdiko konpromisarioez osatuta dago.

Ramirezek aipatu du Kongresu horretan parte hartuko duten konpromisarioen erroldarik ez dietela pasatu. «Konpromisario horiek aukeratuak izan diren biltzarretarako aktarik ere ez digute pasatu». «Ez dakigu noiz hasiko den kongresua». Sektore kritikoko ordezkariak salatu du kanporatzeei «irregulartasunez betetako prozesu hori guztia» gaineratu behar zaiela.

Haren hitzetan, zigorra Kongresuaren biharamunetik aurrera indarrean sartu nahi izateak «iseka puntu bat» du. «Parte hartu eta aukeratuak izateko eskubidea bermatu nahi omen digute. Zer eskubide izango dugu afiliatuek ordezkari izateko aukeratu eta biharamunean kanporatzen bagaituzte».

Gasteizko legebiltzarrean protesta

Gasteizko Legebiltzarrean, sektore kritikoko hiru ordezkari Eba Blancoren bulegora joan dira idatzi bat ematera. Kanpoan, Demokrazia! aldarrikatzen dituzten kartelei helduz, militante talde bat elkarretaratu da. Idatzia utzi ostean, Javier Estebanezek adierazi du kongresuari begira «berme guztiak» nahi dituztela. «Mezuak bidali diitugu alderdi barruan, eta, erantzunik jaso ez dugunez, adierazpen hau ekarri dugu. Kongresuan parte hartuko duten ehundik gora konpromisariok sinatzen dute».

Zalantzak dituzte Kongresua «gardentasunez eta demokratikoki» egingo ote den. «Ez digute argitu zergatik egingo den bi egunetan, lau egunetan izango zela iragarri ostean; uztailean telematikoki egin zen biltzarrean egon ziren akatsak konponduko ote diren; nola den posible kongresura iristea jakin gabe zenbat konpromisariok parte hartuko duten estatutuek eta barne araudiek ezartzen duten bezala». Estebanezen arabera, azken asteetan tokian tokiko batzarretan izandako emaitzak aldatzeko mehatxuak izan dituzte, «konpromisarioen posta elektronikoa falta zela argudiatuta». Salatu du posta elektronikorik ez duten afiliatuei kongresuan parte hartzea eragotzi nahi zaiela.

«Eba Blancoren zuzendaritzak aurretik baldintzatu duen eta afiliatuek eskubiderik izango ez duten kongresura joan nahi du», kritikatu du. Estebanek salatu du horrek goitik behera baldintzatuko duela EAren etorkizuna. «Ematen du badakitela nora iritsi nahi duten. Afiliatuak sobran badaude, gainetik kenduko lituzkete, kaleratuz eta estatutuei eta barne arauei jaramonik ez eginez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.