Haizea Wind Groupek Bilboko portuan duen lantegiak ahizpa bikia izango du aurki. Energia aerosorgailuentzako dorreak eraikitzen dituen enpresa horrek 350 langileko beste planta bat eraikiko du egungoaren alboan. Orain arte, hiru zatiko dorreak eraikitzen zituzten batez ere, eta monopiloteen edo ziri bakarreko dorreen negozioan murgildu nahi dute. Itsas azpiko lurrean finkatzen diren 130 metroko altzairuzko dorreak dira, eta hari lotzen zaizkio turbina eta palak. Iaz hamar ekoitzi zituen, eta, esperientzia horretan oinarrituta, Orsted Danimarkako energia enpresarekin kontratu handi bat sinatu du. Enkargu horren bermeak eraman du Haizea pauso hori ematera.
«Etorkizuna ziri bakarreko aerosorgailuak dira. Merkatuak eremu horretara eramango gaitu. Bilbo energia eolikoaren sektoreak Europa hegoaldean duen indargune nagusia izatea nahi dugu», azaldu du Borja Zarraga Haizea Windeko zuzendari nagusiak. Enpresak lau urte baino ez ditu, eta, planta berriarekin, ekoizpen ahalmena bikoiztuko du. Egungoak 48.000 metro koadro ditu, eta berriak 53.000 izango ditu. Alde handiena, dena den, azpiegituraren altueran egongo da, ziri bakarreko dorreak handiagoak eta astunagoak baitira —3.500 tona bakoitzak— , eta toki gehiago behar da haiek mugitzeko.
Haizea Windek 100 milioi euroko inbertsioa egingo du bigarren plantan, eta 350 langile berri beharko ditu, gehienak soldatzaile eta galdaragintzan adituak. «Gure soldatze teknika ez dute inon irakasten. Oinarria dutenei guk irakasten diegu», nabarmendu du Zarragak. Gaur egun 370 langile dituzte, eta 700dik gora izatera igaroko dira. Langileen %73k kontratu mugagabea dute, eta %80 Ezkerraldean bizi dira.
Udan hasiko dira planta berria eraikitzen, eta 2023. urte amaierarako egongo da erabilgarri. Garabi handiak erosi eta muntatu behar dituzte. Beste kokagune batzuk aztertu zituzten, Bilboko itsasadarreko orube enblematikoren bat edo beste tartean, baina azkenean portuan gelditzea erabaki zuten, azpiegiturarengan duten «konfiantza» berretsiz. Hain pieza handiekin, ezinbestekoa itsasorako irteera zuzena izatea.
Haizea Windek osasun ekonomiko ona du. Danimarkako kontratuarekin, 700 milioi euroko lankarga ziurtatua du hurrengo lau urteetarako. Orsedentzat egingo duen lanak urtebete baino gehiagoan elikatuko du dorre handien planta berria, eta orain aurreragorako lanak bilatzen ari dira. Alde horretatik, Zarragak iragarri zuen aurki «albiste onak» iritsiko direla.
Albiste onak etorriko dira, baina ez leku guztietan, Siemens Gamesak aurtengorako bere mozkinak birkalkulatu baititu eta 240 milioi euroren galerak izan ditu aurtengo lehen hiruhileko fiskalean. Eta zer harreman dute Haizea Windekin? Bada, bezero onena dela. Zarragaren arabera, haien ekoizpenaren «%55» saltzen diote Gamesari: «Halere, ez nago urduri; Siemens Gamesa erraldoia da. Arrakastaz aterako da egoera honetatik, ziur nago. 33.000 milioi euroko salmenta kartera du egun».
Dioenez, baina, gaur egun energia sektore eoliko guztia ari da «sufritzen». Vestas da munduan turbina gehien ekoizten duen enpresa, Danimarkakoa da, eta hark ere bere mozkin kalkulua %9tik %3ra jaitsi du. «Lehengaien prezioa asko igo da, logistika arazoak daude... Enpresa elektrikoek presio handia sartzen diete, eta haiek guri sartzen digute». Dena den, Zarraga lasai dago egin duten apustuarekin, etorkizuna itsasoan ikusten baitu. Hori bai, momentuz haize errota finkoei esker. «Flotagarri batzuk egin ditugu guk, eta garatuko da teknologia hori. Egun munduko merkatuaren %1 dira; finkoak baino hiru aldiz garestiagoak dira».
Muga zergen eske
Sektore eolikoko enpresa garrantzitsuenak Europako iparraldean daude, baina osagaien merkatua erabat globalizatu da. Txina dorre eolikoak eskaintzen hasi da, eta bere ekoizpen produktuak askoz merkeagoak dira. Dumping-ari aurre egiteko muga zergak eskatu zituen sektoreak, eta Europako Batzordeak ezarri zituen, baina Zarragak handiagoak nahiko lituzke: «Txina lehiakide zuzena da guretzat. Europak %19ko muga zergak ezarri zizkien, baina nire ustez txikia da; sektoreak %50ekoak eskatzen zituen».
Energia eolikoa
Haizea Windek beste lantegi bat irekiko du Bilboko portuan
Haize errotetarako dorreak eraikitzen dituen enpresa horrek beste planta bat izango du, eta 350 langile kontratatuko ditu. Ez dio beldurrik Siemens Gamesaren krisiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu