«Bai, akordioa geneukan, eta ikusi zena haren zati txiki bat baino ez zen izan». Goizean, Javier Esparza UPNko presidenteak Radio Euskadiri emandako elkarrizketan nabarmendu du «zabalagoa» zela lan erreformaren inguruan alderdi sozialistarekin lortutako akordioa.
Iragan asteko ostegunean bi aldeek ez zuten ezkutatu Iruñeko Udalean Enrique Maia alkate eta UPNko presidenteordea ez gaitzestea eta hiriburuko aurrekontuetan aldaketa batzuk onartzea onetsi zuela PSNk. Alta, behin Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero diputatuek kontra bozkatu ostean, akordio horren edukia «barne mailan» geratuko dela aipatu du Esparzak, elkarrizketan.
Asteon, Esparza eta Yolanda Ibañez idazkari nagusia Iruñean, Tuteran, Lizarran eta Tafallan gertatutakoaren azalpenak ematen ari zaie militanteei. Alderdi barruan ez dute bazkide guztiek begi onez ikusten bi diputatuak kanporatzea. Auzia oraintxe berme eta diziplina Batzordearen eskuetan dago. Astelehenean bi diputatuek euren azalpenak eman zizkieten batzorde horretako kideei, eta orain euren eskuetan dago ebazpena. Ez dago argi noiz hartuko duen erabakia.
Apurka xehetasun gehiago argitzen ari dira. Azken asteetan hainbat aldiz bildu da Madrilen UPNko ordezkaritza bat Santos Cerdan PSOEko Antolamendu idazkariarekin akordio hori negoziatzen. Bozketaren ostean, barkamenak eskatu zizkion Esparzak PSOEri.
Cerdan Avilan (Espainia) izan da, Gaztela Leongo hauteskundeetan. Kanpaina betean, PPri aurpegiratu dio UPNko bi diputatuen botoa erosi zuela iragan astean: «PP alderdi ustela da. Borondateak erosten ditu. Inork ez du bere burua saltzen, ezeren truke».
PSNren azalpenekin ez dira konforme geratu Geroa Bai eta EH Bildu. Herenegun, Geroa Baiko Uxue Barkosek eskatu zion Maria Txibite lehendakariari argitaratu dezala UPNrekin hitzartutako akordioa. EH Bilduko Adolfo Araizen arabera, PSN «erratu» egin da berriro. «Ez da konfiantza ote dugun, baizik eta nola egituratzen diren gehiengoak».