Itsas espezieen %88ri eragiten die ozeanoetako plastiko kutsadurak, eta gehienek material hori dute beren organismoetan. Zehazki, gutxienez 2.144 espezie dira, eta kopururik deigarriena itsas hegaztiei buruzkoa da, horien %90k sabeleratu baitute plastikoren bat.
WWF Naturarentzako Mundu Funtsak itsasoko plastiko kutsadurari buruzko txosten bat atera du argitara, eta horretan ohartarazi du material hori «ozeanoen parte guztietara iritsi» dela: «Urazaletik itsaso sakoneraino, eta poloetatik urrutiko irlen kostaldeetaraino. Balearik handienaren planktonik txikienean ere detekta daiteke».
Itsas hegaztiei ez ezik, dortokei eragiten die gehien kutsadurak, horien erdiak irentsi baitu plastiko zatiren bat. Gizakiak jaten dituen espezieetan ere aurkitu dute material hori; kasurako, ostretan eta muskuilu urdinetan, baita bost sardina latatik batean ere.
Kutsadura horren ondorioz, eremu batzuetan «ekosistemaren kolapsoa» gerta liteke, WWFren plastikoen politika globalerako buruzagi Eirik Lindebjergek ohartarazi duenez. Bi kopuru kezkagarri ere helarazi ditu: 2040rako bikoiztu egingo da plastiko ekoizpena, eta horrek «Groenlandiaren tamaina baino bi aldiz kutsadura handiagoa» eragingo du. Hau da, hondakin horiek bost milioi kilometro koadro inguruko eremua hartuko dute itsasoan.
WWFk Alfred Wegener Institutuarekin (Alemania) batera osatu du txostena, eta horretan 2.590 ikerketa zientifikoren datuak bildu dituzte. Egileen arabera, plastikoek eta mikroplastikoek itsasoetan duten eragina neurtzen saiatu dira; tartean, Ozeano Atlantikoan eta Barean osatu diren «plastiko irlak» kontuan harturik. Egun, 86-150 milioi tona plastiko artean daude itsasoetan.
Arrantza kutsaduraren arrazoietako bat den arren, Lindebjergek zehaztu du «erabilera bakarreko plastikoak» direla «eragile nagusiak», plastikoa «merkatu egin» delako: «Fabrikatzaileek kopuru handietan ekoiztu dituzte, eta horrek ahalbidetu die erabilera bakarreko produktuak diseinatzea. Horiek, gerora, hondakinak bilakatzen dira».
Egoera hori ikusirik, WWFko kideak azaldu du «birzikla daitezkeen produktuak» erabiltzea dela irtenbidea, eta plastikoari buruzko nazioarteko akordio bat adostera deitu du. Ingurumenerako NBE Nazio Batuen Erakundearen hurrengo bilkura garrantzitsua hilaren 28an hasiko dute Kenyako hiriburuan, eta horretan NBEri eskatuko diote itun «lotesle» hori negoziatzeko; helburutzat jarri dute 2030erako plastiko kutsadura gelditzea, eta hitzarmen horrek data hori jasotzea.
Mediterraneoa, mikroplastikoz betea
Itsaso Horiaz —Txinaren eta Koreako penintsularen artekoa— eta Txina ekialdeko itsasoaz gain, Mediterraneoaz ere datu kezkagarria helarazi du WWFren txostenak: mikroplastiko gehien duen itsasoetako bat bilakatu da, eta horrek arriskuan jarri du hango 134 espezieen iraupena. Itsaso horren kasuan ere, dortokei eta hegaztiei eragiten die batez ere, digestio sisteman aldaketak sumatzen baitituzte.
Mikroplastikoak bost milimetro baino gutxiagoko plastiko zatiak dira, eta, lehen begi kolpean ikusten ez diren arren, plastikozko ontzi handiak bezain kaltegarriak dira; haiek bezala, degradatzeko zailak direnez, hainbat hamarkada igarotzen baitituzte ingurumenean.
Azken ikerketen arabera, orotara 14 milioi tona mikroplastiko daude ozeanoen sakonean, ur azalean baino 39 aldiz gehiago. «Badira adierazleak erakusten dutenak plastiko kutsadurak Mediterraneoko ekosistema guztiari eragiten diola. Horrek, epe luzera begira, kontrako ondorioak eragin ditzake gizakiaren osasunean eta arrantza oinarri duten komunitateen ekonomian», esan du Lindebjergek.
Mediterraneoa, esaterako, Egipto, Italia, Turkia, Espainia eta Frantzia dira plastiko gehien botatzen duten herrialdeak.