Besteak beste Whatsapp, Facebook eta Instagram plataformen jabea da Meta konpainia, eta azken orduetan AEBetako Segurtasun eta Trukearen Batzordeari bidalitako txosten batean ohartarazi du litekeena dela Europan euren «zerbitzu nabarmenetako batzuk» ixtea, EBko legediak galarazten jarraitzen badio europarren datuak AEBetara transferitzea. Facebook eta Instagram aipatu ditu konpainiak, ken ditzakeen sare sozialen adibide gisa.
Txostenean, kexa adierazten du konpainiak, zenbait legek eta arauk «agindu» egiten diotelako nola transferitu, prozesatu edo jaso ditzakeen zenbait datu mota. Horrek bere negoziorako «hil ala bizikoak» diren datuei eragiten diela azaldu du, besteak beste zer produkturen publizitatea nori bidali erabakitzen duen prozesuari, eta kalte egin diezaiekeela beren irabaziei.
Adibidea jarri du konpainiak: Pribatutasun Ezkutua ituna zuten indarrean AEBek eta Europako Batasunak, europarren datuen transferentzia gobernatzeko. Baina Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak bertan behera utzi zuen 2020. urteko uztailean. Horrez gain, Metak erabiltzen dituen beste lege oinarriak, SCC deiturikoak (kontratu klausula estandarrak) kasurako, kolokan daudela adierazi du konpainiak. Azaldu duenez, Irlandako Datu Babeserako Batzordeak ohartarazi dio litekeena dela konpainiak herrialde horretan dituen bulegoek Europako herritarren datuak transferitzeko erabiltzen dituen SCC kontratuek ez betetzea EBko lege orokorrak. Beraz, transferentzia bertan behera geratu beharko litzateke, Metak ondorioztatu duenez, eta gaineratu du uste duela horren inguruko behin betiko ebazpena 2022ko lehen erdian heltzea.
«Datuak Atlantikoaz gaindi transferitzeko beste itun bat ez bada egiten, eta ezin badugu SCCak erabiltzen jarraitu, edo bestelako baliabideak erabili Europatik AEBetara datuak bidaltzeko, litekeena da ezinezkoa egitea gure produktu eta zerbitzu nabarmenetako batzuk eskaintzea Europan, Facebook eta Instagram tartean». Segidan, konpainiak onartu du horrek kalte egingo liokeela bere negozioari.
Isunak eta kolpea burtsan
Albiste txarrak jasotzen jarraitzen du Mark Zuckerbergen konpainiak Europan. Joan zen ostiralean, 1,77 milioi euroko isuna ezarri zion Erresuma Batuko Lehia eta Merkatu Aginteak, Giphy konpainia erosterakoan, Metak ez zituelako bete aginteak jarri zizkion baldintzak.
Urrian ere, beste 59,2 milioi euroko isuna jarri zion eskaturiko informazioa behar bezala eman ez zuelako.
Ostegunean, balioaren laurdena galdu zuen burtsan, 2021. urteko kontuak aurkeztu ostean. %26 egin zuen behera Metak, eta Zuckerbergek berak 26.558 milioi euro galdu zituen, horren eraginez.
Enpresaburuak berak onartu zuen Tiktok eta bestelako plataformak koska bat jaten ari zaizkiola Facebooki. Une berean, adierazi zuen Europak ezarritako legeek zaildu egiten dietela informazioa lortzea iragarkiak pertsonalizatzeko.
Urriaren amaieran, izena aldatu zuen Facebook konpainiak. Geroztik, Meta deitzen da, eta Facebook izena sare sozialerako utzi du.