Astelehenean eta asteartean epaituko dute Iratxe Sorzabal euskal presoa Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta, Bidasoaldeko bere lagunek deituta, manifestazioa egin dute gaur arratsaldean Irunen (Gipuzkoa), euskal presoaren herrian. «Salbuespenezko» epaiketarik ez egiteko eskatu dute, eta torturaren aurka mintzatu dira deitzaileak. Izan ere, 2001ean torturapean eginiko deklarazioak oinarri hartuta epaituko dute Sorzabal Madrilen.
1996an Gijonen(Asturias, Espainia) ETAk egindako atentatu bat egotzi nahi diote Sorzabali, eta, berez Reauko espetxean baldin bazeukaten ere (Frantzia, 925 kilometro), Espainiaratua dute epaiketarako.
2001ean Guardia Zibilak atxilotu zuenean torturak salatu zituen Sorzabalek. Istanbulgo Protokoloa aktibatu zioten 2015ean, berriz atxilotu zutenean, eta mediku aditu baten azterketa izan zuen Fresnesko kartzelan (Frantzia): «Medikuaren arabera, tortura salaketak sinesgarritasun osoa du; estres post-traumatikoa antzeman zion», azaldu zuen orduan bere abokatuak. Euskaldunon Egunkaria-k 2001ean egin zion elkarrizketan honela kontatu zuen bizi izandakoa Sorzabalek: «Ez nuen hiltzeko beldurrik; gogoa neukan». 2020ko abenduan Parisko Dei Auzitegiak gibelera bota zuen Sorzabalen aurkako euroagindu bat, prokuradoreak sinesgarritasuna eman baitzien bere tortura testigantzei.