TORTURA

Hainbat ekintzaile biluztu dira Gasteizen, tortura aitor dezatela eskatzeko

Sortuk egin du ekintza, «torturaren errealitate iluna argitara atera», eta «aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak» aldarrikatzeko. Espainiako Gobernuak Gasteizen duen ordezkaritzaren eta polizia etxe baten aitzinean biluztu dira.

Sorturen ekintza, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2022ko otsailaren 5a
14:28
Entzun

Biluzik, lurrean, eskuak lotuta eta burua poltsa beltzez estalita. Halaxe agertu dira hogeita hamar bat ekintzaile gaur eguerdian Gasteizen, Espainiako Gobernuak Araban duen ordezkaritzaren eta polizia etxe baten aitzinean. Torturaren «errealitate iluna» bistaratu eta «aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak» eskatu nahi izan ditu Sortuk ekintzaren bidez. Alderdiak salatu du, hain zuzen, erakunde publikoek «ahantzi» egiten dutela «milaka herritarrek pairatutako oinazea».

Haimar Altuna Sortuko gatazkaren ondorioen konponbiderako batzordearen arduradunak «ardurak» eskatu ditu «egia osoa» argitara ateratzeko: «5.667 euskal herritarrek igaro behar izan dute torturaren atzapar krudeletik, eta, hala ere, inongo arduradun politikok ez du ezelako zintzotasun ariketarik egin, ez eta eragindako kaltea aitortzeko urratsik eman». Sortuko kideak salatu du oraindik ere tortura «zuritzen» dutela, eta «inpunitatea» ematen zaiela «torturaren arduradun politikoei» eta torturatu zuten poliziei, Guardia Zibilari, Espainiako Poliziari eta Ertzaintzari.

Altunaren hitzetan, «ezinbestekoa» da torturaren arduradunek egin zutena aitor dezatela. «Ezinbestekoa da tortura hauspotu, isilarazi eta modu batera edo bestera posible egin zuten horien aitortza, izan politikari edo mediku, izan abokatu edo epaile, izan fiskal edo kazetari». Adierazi du «ezker abertzalea» urratsak egiten ari dela «biktima guztien aitortzara bidean», eta berdin egin beharko luketela «torturaren eragileek» ere: «Behar-beharrezkoa da torturaren egia argitara eraman eta milaka torturatuek merezi duten aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak eskuratzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.