Euskalgintzako eragileen deiari erantzunez, ehunka lagunek salatu dute Laudioko Udalaren kontra Gasteizko epaile batek asteon emandako epaia, gaur eguerdian. Administrazioan euskaraz aritzeko eskubidea aldarrikatu dute, eta «botere judizialaren oldarraldia» salatu.
Asteon ezagutarazi zuen epailearen erabakia Arabako Alea-k, eta harrabotsa eragin dute epaiak berak nahiz hura arrazoitzeko erabilitako argudioek. 2020an zegokion hizkuntza eskakizuna ez egiaztatzeagatik kaleratutako bitarteko funtzionario ohi baten alde egin zuen epaileak, argudiatuta udalak «diskriminatu» egin zuela eta ez zuela hartu euskararen zailtasun maila. Are, euskara «munduko hizkuntzarik zailenen zerrendan bosgarrena» dela zioen epaiak. Laudioko Udalak helegitea jarriko dio epaiari.
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak deitu dute gaurko elkarretaratzera, eta azken eragile horretako kideek adierazpen bateratu bat irakurri dute haren amaieran. «Euskaldunok administrazioarekin aritzeko eskubidea ez dugu bermatua, eta hori lortu behar dugu. Administrazioa euskaldundu behar dugu», adierazi dute. Gaineratu dute, Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak helburu hori duen Bai we can! egitasmoa aurkeztu zuela 2019an, eta hartara atxiki zirela Aiaraldeko alderdi politiko gehienak. Orain arte Aiaraldeko udalen konpromisoa lortu dutela azaldu dute, eta ez dela inolako arazorik izan. Salbuespen bakarra Laudioko Udaleko hizkuntza eskakizunekin gertatutakoa dela salatu dute. Euren helburuetan berretsiz amaitu dute hitzartzea: «Ez dugu arrotz izan nahi gure herrian. Ez diogu gure izateari uko egin nahi. Ez ditugu gure eskubideak hutsean laga nahi», adierazi dute.
«Estrategia» murriztailea
Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, berriz, botere judizialaren «estrategia» izan du hizpide: «Hizkuntza araudia aldatzea helburu duen estrategia». Haren esanetan, aste honetan ezagututako epaiak «erakutsi du edozer tontakeria, irizpide juridikorik gabeko edozer gauza, balia daitekeela, baldin eta hizmuntza eskubideen urraketa ahalbidetuko duen epaia argitaratu nahi bada». Hizkuntza eskubideak murrizteko, botere judiziala «juridsprudentzia» erabiltzen ari dela ohartarazi du: «Epaien bidez saiatzen ari dira legedia aldatzen. Jurisprudentziaren bidez ari dira legedia aldatzen, ahalik eta interpretazio hertsiena izateko eta gure eskubideak are gehiago murrizteko».
Epaileek jomugan dituzten esparruak, gainera, «hizkuntza gutxituen normalizazioan zutabe» direnak direla azaldu du; administrazioa eta hezkuntza, kasurako. «Inolako lotsarik gabe esaten dute udal batean zein langilek jakin behar duen euskara eta zeinek ez, hizkuntza-plangintzagileak bailira. Inolako lotsarik gabe esaten dute hezkuntza sisteman zenbat toki hartu behar duen gaztelaniak, pedagogoak balira. Edota, azken epaian bezala, hizkuntza bat zaila den ala ez, linguistak bailira» esan du.
«Oldarraldi» horri «batasunetik» erantzun behar zaiola nabarmendu du Bilbaok: «Guztion artean harresi bat eraiki behar dugu desadostasuna agertzeko eta horrelakoak onartzeko prest ez gaudela ozen, ozen eta ozen esateko». Gainera, horretarako aukera gehiago izago da, haren arabera. EAEko Udal Legea Espainiako Konstituzionalaren ebazpenaren zain dagoela gogoratu du, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusia udaletako euskarare erabilera arautzen duen dekretuaren hainbat artikulu aztertzen ari dela. «Ez dezagun pentsa berri onik etorriko denik; horrexegatik, inoiz baino garrantzitsuagoa da batzea eta oldarraldiei batasunetik aurre egitea», erantsi du.