Museoak

Urte osoko egitarauarekin ospatuko du Guggenheimek mende laurdena

Lehen erakusketa datorren ostiralean irekiko dute: ‘Fauvismotik surrealismora: Parisko Musée d'Art Moderneko maisulanak'.

Juan Ignacio Bidarte Guggenheimeko zuzendaria eta zenbait komisario gaur goizeko prentsaurrekoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko otsailaren 4a
16:25
Entzun

Guggenheim Museoak programazio berezia dakar bere 25. urteurrena ospatzeko. Juan Ignacio Bidarte museoko zuzendariak azaldu duenez, urte osorako jarduera andana prestatu dituzte. Tartean, erakusketak, musika emanaldiak, dantza, gastronomia, performancea eta antzerkia. Hala ere, oraindik jarduera batzuk «garatzeko bidean» daudela azaldu du museoko zuzendariak: «Egitaraua osatzen jarraituko dugu datozen asteetan». Osasun krisiak eragindako ziurgabetasuna nabaria bada ere, museoak «ilusioz eta baikortasun errealista batetik» heltzen die etorkizuneko erronkei, eta zuzendariak nabarmendu duenez, pandemiak eragindako mugak akuilu gisa baliatu dituzte: «Duela mende laurden krisi ekonomikoaren testuinguruan gertatu zen bezala, museoak argi ikusi du konfiantza ematea eta ingurunea suspertzen laguntzea direla xede nagusietako batzuk». Artea etorkizunerako inspirazio lelopean, urte guztian erabiliko duten logotipo berria ere aurkeztu dute prentsaurrekoan: Guggenheim hitzaren G letra bereizgarriak engranaje gisa erabiliz, 25 zenbakia osatu dute.

ERAKUSKETAK

Urteko programazioari hasiera emango dio Fauvismotik surrealismora: Parisko Musée d’Art Moderneko maisulanak erakusketak. Datorren ostiraletik aurrera egongo da ikusgai, maiatzaren 22ra arte. XX. mendearen lehenengo hamarkadan Parisen loratutako abangoardiako mugimenduen ikuspegi panoramiko bat eskainiko du erakusketak, eta Musee d’Art Modernen bildutako 70 maisulan bilduko dituzte.

Otsailaren 25ean, berriz, New Yorkeko Solomon R. Guggenheim museoko funtsekin eta Veneziako Peggy Guggenheim bildumako obren hautaketa batekin osatutako Jean Dubuffet: ospakizun bizia erakusketa zabalduko dute. Jean Dubuffet artistak 1940ko hamarkadatik 1984ra bitarte osatutako lanak bilduko dituzte bertan.

Berezia izango da, baita ere, apirilean zabalduko den Motion. Autos, Art, Architecture erakusketa. Norman Fosterrek egingo ditu komisario lanak, eta 38 automobil eta 300 piezatik gora bilduko dituzte. Horiez gainera, Monira Al Qadiri: inguru sakratua, Serra/Seurat. Marrazkiak eta The Otolith Group. O horizon erakusketak ikusteko aukera egongo da.

Museoaren 25. urteurrenaren harira, museoko areto guztiak hartu dituen Sekzioak/Intersekzioak erakusketa berezia ere egingo dute irailean. Museoaren funtsak gaika aurkeztuko dituzte, eta artearen hizkuntza anitzen arteko «konexioak» erakustea izango da asmoa.

Euskal komunitate artistikoarekiko lotura indartzeko, berriz, Basque Artist Program erakusketa-proiektua antolatu du museoak, bosgarrenez. Erakusketan orain arteko aldietan parte hartu duten hamar artista egoiliarren obra sorta egongo da ikusgai. Honakoak izango dira parte hartuko duten artistak: Raquel Asensi, Nora Aurrekoetxea, Helena Goñi, Jon Gorospe, Gala Knorr, Maite Pinto, Karla Tobar, Alain Urrutia, Cristian Villavicencio eta Diego Vivanco.

EDUKI KULTURALAK

Museoaren 25. urteurrenarekin batera, bultzada berri bat emango diote TopARTE egitasmoari. Artearen eta kulturaren esparruan lan egiten duten hainbat erakunderekin lankidetzan garatzen den egitasmoa da TopARTE, eta aurten ere, askotariko diziplinak nagusi diren egitarau zabala prestatu dute. Besteak beste, Bilboko Anime Festibala, Gau Zuria, Loraldia, Musikene eta Zinegoak.

Musikak, berriz, leku handia hartuko du urteurrenaren ospakizuneko programazioan, eta bost emanaldi berezi prestatu dituzte: Gabriel Erkorekaren Hamar obraren interpretazioa, Kirmen Uribek propio sortutako Mundua museo bat da kontakizuna, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren mendeurrena ospatzeko Bi urteurren ospatzeko kontzertua, Francisco Eskudero konpositorearen Sinfonia 3. zk. obra eta Joaquin Atxukarro piano jotzailearen errezitaldia.

Dantzari dagokionez, urriaren 16an The Missing Element deituriko ikuskizuna eskainiko dute zenbait dantzarik. Emanaldian, besteak beste, rapa, beatboxa eta breakdancea museoaren arkitekturarekin uztartuko dituzte.

BESTELAKO PROIEKTUAK

Urriaren hasieran, museoak nazioarteko egitasmo bat hartuko du bere baitan: Uraren ekologiak. Artearen, zientziaren eta teknologiaren arteko lankidetza-esparru bat. Ekitaldiaren helburua artisten, zientzialarien eta teknologoen arteko elkarrizketa eta lankidetza sustatzea izango da. Batez ere, klima aldaketaren eta hari lotutako erronken testuinguru globalean.

SAIO PARTE HARTZAILEAK

Herritarren aldetik jasotako babesa eskertzeko, ekitaldi parte hartzaileagoak ere antolatu ditu museoak. Horietako bat Deabru Beltzak taldearen kale-antzerki saioa izango da, ekainaren 24ean.

Hogeigarren urteurreneko hainbat saio ere errepikatuko dituzte. Esaterako, Reflections ikuskizuna. Argiak eta musika uztartuko ditu emanaldiak, eta museoaren hormak baliatuko ditu pantaila gisa. Bestalde, urrian eta azaroan, Lurraldea irekitzen kanpaina jarriko dute martxan: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek aukera izango dute museoa doan bisitatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.