Krisia UPN-n

Akta itzuli ezean, Sayas eta Adanero UPNtik kanporatzeko prozedura hasiko dute

Arratsaldean izandako zuzendaritzaren bileran, irizpideak bete ez izana «larria» da, alderdiaren sinesgarritasunari eta irudiari kalte egin zaiolako. Esparzaren arabera, bi diputatuek asteleheneko zuzendaritzaren bileran esan zuten erabakia errespetatuko zutela. «Ez dute UPN ordezkatzen»

Javier Esparza UPNko presidentea. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2022ko otsailaren 4a
14:09
Entzun

UPNk gogor erantzun nahi du. Gaur arratsaldean, zuzendaritza bildu da UPNren Iruñeko egoitzan ostegunean Kongresuan Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero diputatuek lan erreformaren bozketan alderdiaren irizpidea bete ez izana aztertzeko. Horren aurrean zuzendaritzak erabaki du diputatu akta itzuli ezean, alderditik kanporatzeko prozedurari ekingo diotela.

Zuzendaritzaren arabera, alderdiaren irizpideen kontra bozkatu izana «larria da», sinesgarritasunari eta irudiari kalte egin zaiolako. Zuzendaritzak onartutako agiri horretan aipatzen denez, arauak hausteaz gain, diputatuek ezkutatu egin zioten alderdiari azken unera arte zer egitera zihoazen. Alderdiari, militanteei, boto-emaileei hori ezkutatu nahi izatea jarrera larria dela deritzote: «Kalkula ezineko mina egin zaie alderdiari eta buruzagiei, eta gure sinesgarritasuna eta fidagarritasuna kolokan jarri dute».

Bilkuran Adanero bera egon da, eta adierazpenaren aurka bozkatu du. Bere hitzetan, alderdiaren organoetan defendituko dute egindakoa: «UPNko diputatuak gara alderdiak egokitutako organoek kontrakoa ez dioten bitartean». Organo horietako bat berme eta diziplina batzordea da. Espedientea ireki die bi politikariei.

Oso azkar doa dena. Bihar, 11:00etan UPNren kontseilu politikoa —Kongresu arteko aldietan alderdiaren organo gorena— batzartuko da Navarra Arenan, eta zuzendaritzaren proposamena aztertuko dute 232 partaideek. Bertan, zuzendaritzak gaur onartutako adierazpena aztertuko da.

Azken orduetako gertakarien aurrean, litekeena da alderdiak batasun irudia eman nahi izatea, baina ikusteko dago ea Sayasek eta Adanerok babesik ote duten. Sayas bera bertaratuko da Navarra Arenara, kontseiluko partaide baita. Ez da ahaztu behar, 2020ko Kongresuan, presidentetzarako bozetan, Esparza gailedun zitzaiola Sayasi, baina horrek %41eko babesa izan zuela.

Esparza, haserre

Hori dena gertatu aitzin, Javier Esparza UPNko presidentea haserre mintzatu da Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero diputatuen aurka: «Ez dut uste UPN ordezkatzen dutenik; ezin dute UPNn jarraitu». Esparzak gaineratu du «erabat minduta» dagoela gertatutakoarekin, «Sayas jaunak eta Adanero jaunak egin dutena ez baitator bat UPNren balioekin».

Esparzaren esanetan, astelehenean zuzendaritza batzordearen bilera izan zuten, eta bertan izan ziren Adanero eta Sayas. «Adostu genuen zuzendaritzaren eskuetan geratuko zela lan erreformaren inguruko bozketa finkatzeko ardura, eta diputatuei helaraziko geniela erabakia». Posizio hori asteazkenean finkatu eta jakinarazi zen. «Hala egin genuen, eta haiek esan ziguten erabakia errespetatuko zutela, nahiz eta bat ez egin. Jendaurrean ere hala adierazi zuten».

Esparzaren arabera, ez dute bete zuzendaritzak markatutako diziplina hori. Oso gogor mintzatu da 2020ko presidentetzarako lehiakide izan zuen Sergio Sayasi buruz eta parlamentuko eledun ohi izandako Carlos Garcia Adanerori buruz: «Iruzur egin digute. Gezurra esan digute guztioi. Zuzendaritza osoari gezurra esan diote, eta beste hainbeste egin dute gizartearekin». Gaineratu du egoera onartezina dela.

Ikusi gehiago: Sayasek eta Adanerok gaitzetsi dute Maia

Lan erreformak garapen ekonomikoari eta enpleguari mesede egingo diola uste du, eta ez du ulertzen nolatan bi diputatuek bat egin duten ezezkoan alderdi independentistekin: «UPNren botoaren zentzua defenditzea da EH Bildurekin, ERCrekin eta BNGrekin bat egitea? Lan erreforma atzera bota izan balitz, herrialdea hautsi nahi duten horiek egongo lirateke ospatzen. Hori nahi al du UPNk? UPNk argi finkatu zuen bere posizioa».

Harrituta agertu da bi diputatuek ez dutelako bete zuzendaritzaren irizpidea. «Sekula ez nukeen pentsatuko boto diziplina hautsiko zutela, are gutxiago kontuan harturik adierazi zutela errespetatu egingo zutela». Onartu du ez zela gai erraza, ados ez egoteko eskubidea dutela, baina iruzur egin izana deitoratu du: «23 ordu iragan ziren posizioa jakinarazi zenetik bozkatu arte. Baietz bozkatuko dutela esan, eta gero ezezkoa bozkatu».

Adanero: «Koherentziaz jokatu dugu»

Guztiz bestela pentsatzen du Carlos Garcia Adanerok. Haren esanetan, bazekiten lan erreformaren alde bozkatuta Pedro Sanchez babesten zutela. «Bi urte daramatzagu esaten Bilduren botoei esker dela Pedro Sanchez presidente, Bildu zuritzeko asmoz, eta denborak arrazoia eman digu».

Adaneroren arabera, bozketa erabakigarria zela jakinik euren boto emaileek ez zuten ulertuko zergatik ematen ari zitzaizkion babesa Sanchezi. Horregatik, Adanerok ez du uste transfugak direla: «Ez du zerikusirik transfugismoarekin; alderantziz, koherentziaz jokatu dugu erabat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.