EHU Euskal Herriko Unibertsitateak 2022-2023ko ikasturtean izango duen eskaintzaren berri eman du. Orotara, 105 titulu izango dituzte aukeran ikasleek, orain arte baino bi gehiago. Gradu bikoitzetan zabaldu dute eskaintza: Ingeniaritza Zibila eta Arkitektura Teknikoa ikasi ahal izango dute Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan, eta Ingeniaritza Mekanikoa eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza Gasteizkoan. «Bi gradu bikoitz berriek prestakuntza osoa eta diziplinartekoa ematen dute etengabeko bilakaeran dauden garrantzi handiko bi arlotan», azaldu du EHUk, ohar bidez.
Unibertsitateak goraipatu duenez, urtez urte gero eta gradu bikoitz gehiago eskaintzen dituzte. 2013-2014ko ikasturtean eskaini zuten lehen aldiz bat —EAZ Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Zuzenbidea—, eta datorren urtean hamalau gradu bikoitz edukiko dituzte ikasleek aukeran: Ingeniaritza Zibila eta Arkitektura Teknikoa; Ingeniaritza Mekanikoa eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza; EAZ eta Zuzenbidea, Donostian; EAZ eta Zuzenbidea, Bilbon; EAZ eta Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Informatikaren Ingeniaritza; Business and Economics; Politika Zientzia eta Kudeaketa Publikoa eta Soziologia; Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Kazetaritza; Farmazia eta Giza Nutrizioa eta Dietetika; Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoa; Negozioen Kudeaketa eta Lan Harremanak eta Giza Baliabideak; Ingeniaritza Mekanikoa eta EAZ; Ingeniaritza Mekanikoa eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza; eta Kazetaritza eta Publizitatea eta Harreman Publikoak.
Denak euskaraz
Hizkuntzari dagokionez, EHUren oharraren arabera, gradu guztiak euskaraz nahiz gazteleraz egin daitezke. Gainera, nabarmendu dute beste hizkuntza batzuetan egiten duten eskaintza ere gero eta handiagoa dela: Business and Economics gradu bikoitza ingelesez ematen dute; Lehen Hezkuntzako irakasle izateko ikasketak eredu hirueledunean egin litezke Gasteizen eta Bilbon; eta Bilbon aukera hori dute Haur Hezkuntzako irakasle izateko graduan ere. Gainera, unibertsitatearen esanetan, «gradu gehienek» ingelesezko irakasgaiak dauzkate —800 baino gehiago dira—, eta beste hizkuntza batzuetan ere ematen dituzte 180 irakasgai inguru.
Ikasketa teorikoak eta praktikak uztartzeko aukera ere ematen du unibertsitateak, prestakuntza dualeko programen bidez, baina EHUk ez du zehaztu zenbati ematen dieten horretarako aukera, ezta zein ikasketatan ere. Horiek alde batera lagata, urtero 11.500 praktika inguru egiten dituzte ikasleek, horietako %35 borondatezkoak.
«Inklusioarekin, zuzentasunarekin eta jasangarritasunarekin konpromiso sendoa» duela eta, EHUk nabarmendu du hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei laguntzak eta baliabideak eskaintzen dizkiela. Haien datuen arabera, 471 ikasle ari dira laguntza jasotzen, aurreko ikasturtean baino %10 gehiago.
Datorren ikasturtera begira, azokak
Ikasketen eskaintza guztiaren eta unibertsitatera sartzeko prozeduren berri izateko, azokak antolatu dituzte, aurten presentzialki. Martxoaren 5ean, Gipuzkoako Campusean egingo dute; martxoaren 12an, Arabakoan; eta martxoaren 19an, Bizkaikoan. Izena eman beharko da, bai postuak bisitatzeko eta bai hitzaldietara joateko. Izen ematea zabalik egongo da azoka egunen aurreko astelehenetik ostiralera —Gipuzkoan, otsailaren 28tik martxoaren 4ra; Araban, martxoaren 7tik 11ra; Bizkaian, martxoaren 14tik 18ra—.