Espainiako hainbat komunikabidek joan den astean hedatu zutenez,Espainiako Gobernuak 7/2014 legea aldatzeko asmoa du aurten. Frantzian betetako zigorrak Espainian kontuan ez hartzea ahalbidetzen du lege horrek, Europako irizpideen aurka, eta Madrilek hori egokitzeko asmoa duela argitaratu zuten hedabideek. Espainiako 2022ko arau plana kontsultatu du BERRIAk, eta hala ageri da: testuak aipatzen du «moldatu» egin behar dela Espainian ezarritako sententziak bertze leku batzuetara —eta alderantziz— «transmititzea eragozten» duen sistemaren «zurruntasuna», eta «malguago» batez «ordezkatu» behar dela, «elkarrekikotasun printzipioan» oinarrituta, eta «parametro horri beste estatu batzuek ematen dioten tratamenduarekin bat» eginez.
Espainiako Gobernuak, ordea, ezetsi egin du halakorik egiteko asmoa duenik. Zehazki, Barne Ministerioaren menpe dagoen biktimen sostengurako zuzendaritzak mezu elektronikoak idatzi dizkie biktimen elkarte eta fundazioei asteon, azaltzeko aldatuko duena bertze gauza bat izanen dela: «Ez da dago inolako ekimenik Europako Batasuneko beste estatu batzuetan ezarritako zigor epaien ondorio juridikoei dagokien araudia aldatzeko». Egin asmo duen aldaketa Europako bertze estatu batzuetako datu baseak erabiltzeari buruzkoa litzateke; Madrilek gutunetan zehaztu duenez, batez ere aurrekari penalei dagokienez. Ikusteke dago, beraz, azkenean zer eginen duen.
50etik goiti euskal preso
Euskal presoen aldeko eskubideen mugimenduak anitzetan egindako eskaera da 7/2014 legea aldatzearena, motibazio politikoko 50etik goiti euskal preso baitaude Frantzian betetako zigorrak Espainian kontuan hartu ez dizkietenak. Bi estatuetako auzitegiek ezarritako zigorrak batuak dizkiete, eta, beraz, delitu beragatik zigorra bi aldiz betetzen ari dira.
Sarek ere, joan den astean argitaratu zuen txostenean, espresuki aipatu zuen 7/2014 legea, hura indargabetzeko eskatuta. Dokumentuan azaldu zuenez, Europako Batasunak arau bat eman zuen 2008an, 675/2008 zuzentaraua, zeinaren arabera Europako zigor arloko auzitegiek emandako epaiek ondorio «baliokidea» izan beharko luketen. Hots, pertsona bati zigor bat ezartzerakoan, Europako bertze auzitegiek emandako epaiak kontuan hartu behar lirateke, baldin eta parekoak badira, eta, beraz, herritar batek herrialde batean espetxe zigor bat bete badu, urte horiek kendu egin behar zaizkio antzeko delitu batengatik bertze herrialde batean jarritako zigorrari. Sareren dokumentuaren arabera, Europako Batasuneko estatu kideek elkarri egiten dioten «aitortza» bat da zuzentarau hori, haien arteko «aintzatespenean eta konfiantzan sakontzen» duena, «estatu bakoitzeko auzitegiek aurrera daramaten jarduerari dagokionean». Alegia, Europa osoak estatu bakar bat balitz bezala jokatuko luke alor horretan.
Espainiak, ordea, ez zuen zuzentarau hori garatu —berez 2010erako garatu behar zuen—, eta Espainiako Auzitegi Gorenak ezarri zuen nola betearazi behar zen Europako zuzentaraua, zuzenean. 2014ko martxoan ebatzi zuen, hala, Europako auzitegietan ezarritako zigorrak kontuan hartu behar zirela, Espainian ezarritako zigor urteak horien arabera gutxituta. Auzitegi Gorenaren interpretazio horren kontra, ordea, 7/2014 legea egin zuten gero —PP zen orduan gobernuan—, auzitegiak irekitako aukera hori eragozteko; eta, Sareren txostenaren arabera, «interpretazio partikular» bat eginez. 2015ko urtarrilean, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen lege horrek zekarrena, Kepa Pikabea euskal presoaren kasuan, eta jurisprudentzia ezarri zuen: ez zuen baimendu euskal presoei espetxealdiak murriztea.
7/2014 legea aldatuko balitz, 50etik goiti euskal presori murriztuko litzaizkieke Espainian betetzen ari diren zigorrak, eta horietako batzuk libre atera behar lirateke.
AVT, kexu
AVT biktimen elkarteak agerraldia egin du gaur Madrilen, adierazteko ez dagoela ados Madrilek egin dezakeen lege aldaketarekin. Elkarteak ez du ontzat eman gobernuak bidalitako gutuna, uste baitu gezurretan ari dela, eta manifestazio batera deituko dutela iragarri dute. Lege aldaketa posibleari buruzko txosten bat aurkeztu dute agerraldian: biktimen elkartearen kalkuluen arabera, 7/2014 legea moldatuko balitz, zazpi euskal preso utziko lituzkete libre berehala, eta bertze hiru aurten. Haien hitzetan, Espainiako Estatuan diren 48 presori eraginen lieke zigor urteen gutxitzeak, eta gaur egun Frantziako kartzeletan diren bertze hamabiri.