Iratxe Sorzabal euskal presoa datorren astelehen eta asteartean epaituko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean, 1996an Gijonen ETAk egindako atentatu bat egotzita (Asturias, Espainia). Gaur egun, Reauko espetxean dago Sorzabal, Euskal Herritik 925 kilometrora. Torturak salatutakoa da Sorzabal, eta 2020ko abenduan Parisko Dei Auzitegiak atzera bota zuen Sorzabalen aurkako euroagindu bat. Lehen aldia zen Parisek tortura kasu batengatik euroagindu bat atzera botatzen zuena: prokuradoreak sinesgarritasuna eman zien Sorzabalek salaturiko torturei.
Sorzabalen eta haren ama Nieves Diazen egoeraren berri emateko, Muara kultur elkarteaBi arnas dokumentala egiten ari da. Dokumental horretan jaso dituzten elementuen artean, orain arte argitaratu gabeko bideo bat dago: Eneko Bidegain kazetariak 2001eko azaroan Sorzabali eginiko elkarrizketa bat, idatziz Euskaldunon Egunkaria-n argitaratua. Argitaratu berri den pasartean, Sorzabalek kontatzen du nola sentitu zen komisarian auzitegi mediku gisa identifikatu zen pertsonaren bisita jaso zuenean.
Ikusi gehiago: 'Euskaldunon Egunkaria'-n argitaratu zen elkarrizketa (lehen orrialdea eta bigarren orrialdea)
Elkarrizketa Bruselan grabatu zen, Sorzabal aske geratu eta aste gutxira, eta Torturaren Aurkako Taldeak grabatu zuen. Jasandako torturen harira Sorzabalek hedabide bati eskainitako elkarrizketa bakarra da, eta orain atera da argitara.
2015ean atxilotu zuten Sorzabal, Baigorrin (Nafarroa Beherea), David Pla, Ramon Sagarzazu eta Pantxoa Floresekin batera. Sorzabali eta Plari ETAren aparatu politikoko arduradunak izatea egozten zien Espainiak orduan; epaiketan, ordea, ETAko kide gisa zigortu zituzten biak, ez haren zuzendaritzakide moduan. Sorzabali zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zion Frantziako justiziak, 2019an.
Ikusi gehiago. Iritzia. Imanol Arzuaga Sarratea 'Kima': Tortura ez da iraganeko kontu bat
2015ean atxilotu zutenean, Xantiana Cachenault abokatuak instrukzio epaileari eskatu zion prozedura bat martxan jar zezala, haren tortura salaketak frogatzeko. Auziaren muinean zegoen 2001ean Guardia Zibilaren atxiloaldipean zegoela salatutako tratu txarra. Istanbulgo Protokoloa aktibatu zioten, eta mediku aditu baten azterketa izan zuen Fresnesko presondegian: "Medikuaren arabera, Sorzabalen tortura salaketak sinesgarritasun osoa du; estres post-traumatikoa antzeman zion", azaldu zuen abokatuak.