Udalak

UPNk diputatu akta itzultzeko eskatu die Sayasi eta Adanerori

UPNk bezperan ziurtatu zuenez lan erreformaren alde egingo zuela, alderdi sozialista prest zegoen trukean Iruñeko alkatearen aurka aurkeztutako gaitzespena atzera botatzeko, baina Sergio Sayasen eta Carlos Garcia Adaneroren botoek jarrera irauli dute.

Maite Esporrin eta Ramon Alzorriz, PSNren Iruñeko egoitzan. @JOXERRASENAR
joxerra senar
2022ko otsailaren 3a
17:39
Entzun

Madrilen gertatutakoak berehalako ondorioa izan du Iruñeko Udalean. Enrique Maia Iruñeko alkateak ataka zaila du osoko bilkuran Migratzaile adingabeen aurka azken asteetan egindako adierazpenen aurrean, oposizioak Iruñeko alkatearen aurkako gaitzespena aurkeztu du, eta bart arratsaldeko osoko bilkuran aztertu dute. Azkenean, PSNk bat egin du EH Bildurekin eta Geroa Bairekin eta alkatea gaitzetsi dute: 14 boto alde, eta Navarra Sumaren 13 kontra.

Lan erreformarekin gertatutakoak berehalako eragin izan du Iruñeko Udalean. Osoko bilkura hasi aurretik, Maite Esporrin PSNko hautetsiak aitortu du Maia gaitzesteko eskaera atzera bota dutela, eta ez zutela alde bozkatuko. Osoko bilkura hasi baino ordu erdi lehenago, Ramon Alzorriz PSNren parlamentu taldeko eledunak eta Maite Esporrin udal taldeko eledunak azaldu dute UPNren posizioaren ondorioz jarrera aldatu dutela eztabaidaren aurrean. «Sakrifizio handia da, eta onura handiagoa lortzeko helburuarekin egiten dugu», aipatu du Esporrinek, aurretik.

Lan erreforma «historikotzat» jo du, eta Maiari ohartarazi dio beren posizioa «behin-behinekoa» dela,eta bozkatuko den puntuetara mugatuko dela. Haren hitzetan, ez du esan nahi egonkortasun hitzarmen bat izango dela. «Navarra Sumak, UPNk eta Enrique Maiak ez dute gure babesa merezi, baina bai merezi dute herrialde honetako langile guztiek. Haien baldintzak hobetuko dira. Osoko bilkura honetatik harago ez doa».

Sayas eta Adanero

Osoko bilkura 16:30ean hasi da eta hainbat puntu ziren gaitzespenaren eztabaidara iritsi aurretik. EH Bilduko Joseba Asironek eta Geroa Baiko Patxi Leuzak migratzaile adingabeen aurka egindako hitz xenofoboak zuzentzeko eskatu diote. Asironek gogoraratu dio Nafarroako Gobernuak eta adingabeen fiskalak berak gezurtatu egin dizkiotela bere esanak. Alderantziz, Maiak ez du hori egin. Guztik bortxazko delituen kopuruak igo direla eta hori ezkutatzea egotzi die oposizioko eledunei.

Orduan iritsi da Maite Esporrinen txanda, eta oso haserre hitz egin du. Minutu gutxi batzuk lehenago, Kongresuan Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero diputatuek lan erreformaren kontra bozkatu dute. Emaitzaren berri eman diote. «Edozer gauza merezi duzue Nola egin dezakezue iruzur modu horretan? Ez duzue lotsarik. Adierazpena atzera bota dugu konpromiso hori genuelako eta leialtasun keinu gisa. Nahikoa da. Lotsagorritu egin beharko zinatekete». Iragarri du bozketaren zentzua aldatu egingo dutela eta Maia gaitzetsiko dutela, EH Bilduk eta Geroa Baik egindako eskaeren alde eginez.

Maiak erantzun dio «zuzendaritzaren irizpideen aurka» bozkatu dutela Sayasek eta Adanerok, eta horrek ondorioak izango dituela. «Arrazoi osoa duzu. Onartzen dizut esan duzun guztia. Ez izan zalantzarik honek ondorioak izango dituela».

20:15ean iritsi da ondorioa; UPNko zuzendaritzak Sayasi eta Adanerori eskatu die diputatu akta «berehala» itzul dezatela, alderdiaren erabakiaren kontra egin dutelako. Gainera, barkamena eskatu dio PSNri, eta nabarmendu UPN «hitzezko» alderdia dela.

UPNk lan erreformarekin egindakoak ezustean harrapatu du PSN. Osoko bilkura aurretik, Ramon Alzorrizi galdetu zaio ea zer gertatuko den diputatuek kontra bozkatuz gero. Alzorrizek esan du espero zutela hitza beteko zutela.

Haatik, Enrique Maiak etekina atera dio gaur gertatukoari. Osoko bilkuraren hasieran, aurtengo urteari begira, luzatutako aurrekontuetan 27 milioi euroko aldaketak onartu ditu PSNk. Lan erreformaren harira egindako akordioaren parte zen, eta une horretan UPNren egiazko botoaren berririk ez zutenez alde bozkatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.