Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur jakinarazi duenez, poliziek eta guardia zibilek bidalitako 460 eskaera iritsi dira Balorazio Batzordera motibazio politikoko indarkeriaren biktimen legeak jasotako kalte ordainak galdegiteko. Guztira, 1.220 lagunek egin dute kalte ordainak lortzeko eskaera, eta horietatik 460 dira polizienak; horiek denak atzera bota ditu Balorazio Batzordeak. ETAren biktima diren beste 50 lagunen eskaerak ere ez ditu aintzat hartu batzorde horrek, sailburuak jakinarazi duenez. Jasotako 1.200 eskaera horietatik 563 ebatzi ditu Balorazio Batzordeak.
Agerraldia egin du gaur Artolazabalek Gasteizen presoak gizarteratzeko akordio baten berri emateko, eta han izan du ahotan 12/2016 legearen inguruan sortutako polemika. Sailburuak gogoratu du lege horren xedea dela «motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa» ematea, eta Poliziaren edo talde parapolizialen indarkeria jasan dutenak aintzat hartzen dituela, ez besterik. Hala, Balorazio Batzordeak zenbait polizia eta guardia zibilek kalte ordainak jasotzeko asmoz egindako eskaerak atzera botatzea babestu du horiek ez direlako bateragarriak legearen helburuarekin. «Ez dituzte betetzen legearen baldintzak», azpimarratu du.
Poliziek eta guardia zibilek jasandako giza eskubideen urraketa «onartezinak» izan zirela salatu du, baita ETAren indarkeria jasan zuten gainerako biktimenak ere. Hala ere, gogorarazi duenez, ETAren indarkeriak kalte egindakoek badute berariazko lege bat 2008tik, Terrorismoaren Biktimentzako Erreparaziorako Legea, eta haren bitartez jaso ditzakete kalte ordainak.