Hilberria

Pello Zabala hil da, 78 urterekin

Hileta bihar 17:00etan egingo da, Arantzazuko santutegian. Fraide frantziskotarra, musikazalea, euskaltzalea, idazlea eta eguraldi iragarlea izan zen. Hainbat urtez aritu zen Euskadi Irratian esatari lanetan, eta BERRIAren sorreratik 2008ra BERRIA Taldeko Administrazio Kontseiluko kide izan zen.

Pello Zabala, Arantzazun, 2011an. RAUL BOGAJO, FOKU
Mikel P. Ansa - Jon Ordoñez Garmendia
2022ko otsailaren 2a
18:02
Entzun

Pello Zabala fraide frantziskotarra, idazlea, euskaltzalea eta eguraldi iragarlea hil da. 78 urte zituen. Hileta bihar egingo dute, 17:00etan, Arantzazun, bere biziko tokian. Han egin zen fraide, han ikasi zuen eguraldiari begiratzen, eta handik aritu zen irrati esatari. «Atzera begira, ohartzen naiz Arantzazu Euskal Herriarekin asko lotu duela nire zeregin txikiak. Herriarekin oso gertu sentitzen naiz, eta eskertuta nago. Hori izan da nire bizitzan egin dudan lanik handienetakoa», esan zuen 2005ean BERRIAk egin zion elkarrizketan.

Oñatiko santutegiko aurpegi ezagunenetako bat zen. Hainbat urtez esatari lanetan aritu zen Euskadi Irratian, lehenik Klasikoak gaur saioan eta ondoren eguraldiaren berri emanez. Oraindik ere, eguraldia iragartzen zuen larunbat goizetan Landaberri saioan. «Euskal Herrian bizi denak eguraldiarekin lotuta bizi behar du nahitaez; horretara kondenatuta dago. Eguraldia egunero da notizia, egunotan froga daitekeen moduan. Euskaldunok gainean eraman behar dugun eguneroko soinekoa da eguraldia», esan zuen 2005eko elkarrizketa horretan. BERRIA Taldeko Administrazio Kontseiluko kidea izan zen 2003tik 2008ra.

1943. urtean jaio zen, Amezketan (Gipuzkoa), eta Arantzazun bizi zen. Umetatik izan zuen irakurtzeko zaletasuna, eta, horri esker, amarekin asko ikasitakoa zen, «oinez ikasi aurretik kasik», berak zioenez. Naturaren mintzoa liburuaren aurkezpenean, 2000ko abenduaren 1ean, hala esan zuen Euskaldunon Egunkaria-n: «Frailetza ikasten ari nintzela zein frailetzan nenbilela, musika eta euskara izan nituen beti afizio nagusi, eta harrapatzen nuen guztia irakurtzen nuen». 7 urterekin eskatu zuen Arantzazura joatea, eta 10 urterekin sartu zen Arantzazuko apaiztegian, nahiz eta Amezketako apaizak Donostiara joateko esan; hiriburua urrun geratzen zitzaiolako egin zuen Arantzazura.

1958an egin zen fraide. Filosofia ikasi zuen, Erriberrin (Nafarroa), eta ondoren Teologia, Arantzazun. Aita saxofonista eta tenore zuen, eta bera santutegiko organista izan zen 1978ra arte. Mezetarako zenbait pieza konposatu zituen. Musika txikitatik ikasi zuen, Amezketako parrokian. Musikazale handia zen, eta, 2000. urtean azaldu zuenez, 3.000 CD zituen. Euskadi Irratian musika klasikoari buruzko saio bat egiteko deitu ziotenean sortu zen Klasikoakgaur saioa.

Berez ez zuen meteorologo ikasketarik, baina eguraldiaren berri ematen hasi zen Arantzazuren izena zabaltzeagatik. Aurrena, hilean behin tenperatura ematen; gero, astean behin, eta, azkenean, egunero eta iragarpenak eginez. Tenporei buruz ikasten hasi eta sakontzea erabaki zuen. Hasieran jendeak gaizki hartu ziola zioen, baina gero toki askotatik deitzen ziotela horri buruz jakin nahi zutelako, baita hedabideetatik ere.

Naturari begiratzen zion eguraldiaren berri emateko, eta alderantziz. «Klima aldaketak asko eragiten die izakiei, eta era ezberdinean, urtetik urtera», esan zuen 2014. urtean BERRIAk egin zion elkarrizketan. Euskal Herriko Klimatologia eta Meteorologia Elkartea ere bultzatu zuen, 2000ko martxoan aurkeztuta, Euskal Herri osoko eguraldi adituak elkartzen saiatuz.

Euskaraz ez ezik, latinez, gazteleraz eta frantsesez hitz egiten zituen, eta Arantzazuko apaiztegiko irakasle izan zen 1990era arte. Gainera, hainbat egunkari eta aldizkaritan idatzi zuen, besteak beste Arantzazu, Ardatz, Egan, Habe, Jakin, Zeruko Argia eta BERRIAn. Mendiko Behatokitik bloga ere idatzi zuen BERRIAn. Bi liburu idatzi zituen: Naturaren mintzoa: Egunez egun, sasoien gurpilean (Alberdania, 2000) eta Zeruan zer berri: Arantzazuko talaiatik eguraldiari begira (Alberdania, 2006).

Hedabideetako, euskalgintzako eta politikagintzako eragile ugarik adierazi dituzte doluminak sare sozialetan, Zabalaren heriotzaren berri izan dutenean:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.