Euskara

«Botere judizialaren oldarraldiari» baturik erantzutera deitu du Kontseiluak

Hizkuntza politikaren alorrean 2021ean gertatutakoari buruzko irakurketa aurkeztu du Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon. Aurtengo jardunari begira, adostasun sozialak zabaltzea eta eremu politikora hedatzea galdegin du Paul Bilbaok.

Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia, agerraldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2022ko otsailaren 2a
14:10
Entzun

Euskararen normalizazioaren eta hizkuntza politikaren alorrean, argi-ilunak utzi zituen 2021ak. Euskalgintzaren Kontseiluak urtearen errepasoa egin du gaur Bilbon antolatutako ekitaldi batean, eta Paul Bilbao idazkari nagusiak kezka handia adierazi du «botere judizialaren oldarraldiarekin», baina horri «batasunez erantzutera» eta «hizkuntza politikak blindatzera» deitu du. Adibide gisa jarri du Ipar Euskal Herrian irakaskuntzako murgiltzea babesteko sortutako «herri gogoa»: Frantziako Konstituzio Kontseiluak Molac legea edukiz hustu zuenean, hizkuntza gutxituen defentsak mobilizazio handiak eragin zituen. «Hezkuntza eragileek batasuna erakutsi zuten, eta azkenean gobernuak norabidea aldatu behar izan zuen». 2022an ere «plazak betetzera» deitu du: «Bidegabekeriak salatzera kalera atera beharko dugu».

Urte «zirraragarria» izango da 2022a, Bilbaoren aburuz. Besteak beste, gogora ekarri du Korrika badatorrela, baita Euskaraldia ere, eta euskalgintzako hainbat erakundek urteurren biribilak dituztela. «Hizkuntzaren normalizazioari dagokionez, erronka ikaragarriak ditugu. Herri gogo indartsua aktibatu behar dugu». Euskara berreskuratzeko prozesua «garai interesgarrian» dela nabarmendu du, baina oztopoak ere ugari direla gaineratu. Iazko jarduna aztertzean, hiru gai azpimarratu ditu: administrazioko langileen hizkuntza gaitasuna jomugan egon izana, ikus-entzunezkoen eremuan egindako lana eta hezkuntzaren alorrean zabaldutako
aukera.

Hain justu, atzo argitara ateratako albisteari erreparatuta, Bilbaok gaitzetsi egin du Gasteizko epaile batek emandako ebazpena: Laudioko Udalari (Araba) langile bat «diskriminatzea» egotzi dio, euskara eskakizuna ez betetzeagatik kaleratu zuelako, hizkuntza zailegia delakoan. «Botere judizialaren oldarraldiaren estrategiaren» barruan kokatu du epaia: «Epaien bidez ezarri nahi dute hizkuntza politika berria; are gehiago, botere judiziala hizkuntza politika nahierara arautzen hasia da jurisprudentzia baliatuz».

Hezkuntzaren alorrean, berriz, aurrerapausoak emateko aukera ikusten du Kontseiluak, Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren hitzarmenari eta legeari begira. Bilbaok gogora ekarri du euskalgintzak bere alea jarri duela prozesuan, eta hezkuntza eragileekin adostutako proposamena aurkeztu zuela abenduan: «Lege berriak berariaz jaso behar luke ereduen sistema gainditzea eta euskara ardatz duen eredu orokor bat ezartzea». Gaiak korapilo ugari dituela jakinda ere, «handira jokatzeko» eskatu du, hizkuntza gutxituentzat hezkuntza «zutabe» dela nabarmenduta.

Jauzia egiteko sasoia

Baina 2021ak eman zuena ez ezik, 2022ak emateko duena ere izan du hizpide Kontseiluak. Iazko ekainean Donostian Batuz aldatu lelopean egindako ekitaldia gogora ekarrita, «jauzi bat» egiteko sasoia dela berretsi du Bilbaok, eta zenbait erronka aipatu ditu: «Adostasun soziala gehiago zabaldu behar dugu, esparru berrietara heldu behar gara; eta adostasun soziala politiko bihurtu behar dugu». Era berean, azken urteetan hainbat alorretan egindako lanari jarraipena emateko asmoa agertu du Kontseiluak. Euskara eremuz eremu sustatzeko, «eragileekin lehentasunezko neurriak zehaztu» nahi ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.