Hizkuntza eskubideak jomugan

Laudioko Udalak helegitea jarriko dio langile ohiaren gaineko epaiari

Ander Añibarro alkateak baieztatu dio Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari. Bildarratzek esan du hizkuntza baten zailtasuna «inguru linguistikoak» baldintzatzen duela.

Hizkuntza eskubideen aldeko protesta bat, Bilbon, 2019an. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko otsailaren 2a
11:45
Entzun

Atzo Arabako Alea-k aurreratu zuena baieztatu egin du gaur Laudioko Udalak; alegia, helegitea jarriko diola Gasteizko epaile batek udal horretako langile ohi baten auzian emandako epaiari. 2020an kaleratu zuten bitarteko funtzionario hori, zegokion hizkuntza eskakizuna ez egiaztatzeagatik, baina epaileak ebatzi zuen udalak «diskriminatu» egin zuela langilea, kontuan ez hartzeagatik euskararen zailtasuna. Euskara «munduko hizkuntzarik zailenen zerrendan bosgarrena» dela zioen epaiak, besteak beste.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak baieztatu du Laudioko Udalak helegitea jarriko diola epaiari. Izan ere, Arabako herri horretako ikastetxe batean izan da gaur sailburua, Ander Añibarro alkatearekin batera, eta asmoaren berri eman dio Añibarrok Bildarratzi, azken horrek hedabideei adierazi denez.

Bildarratz bera ere mintzatu da epaiaz. «Sorpresaz» jaso duela adierazi du, eta auzitan jarri du hizkuntza bat ikasteko «ustezko zailtasuna» epai bat emateko erabili izana. Hizkuntza bat ikastearen zailtasuna oso gauza «subejktiboa» dela nabarmendu du, eta, batez ere, ikasten ari den horren «inguru linguistikoak» baldintzaten duela ikasketa prozesua. «Hizkuntza politika jakin bat epaitzerakoan, legea eta legeak zehazten dituen irizpideak kontuan hartzea litzateke normala», esan du, eta gogoratu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan euskara eta gaztelania, biak direla hizkuntza ofizialak. Hortaz, herritarrek administrazioarekin harremana bi hizkuntza horietan izan dezaketela oroitarazi du.

LAB, «inboluzio legalaz»

LABek gogor salatu du epaia. Epailearen argudioak «harridura» bainoago «haserrea» eragin diola azpimarratu du, ohar batean. Atzo zabaldutako epaia, gainera, euskarak «inongo blindaje legalik» ez izatearekin lotu du: «Edozein ebazpen judizialek, edozein interes partikularrek lurrera botatzen du udal batek eta udal horretako langile publikoek egiten duten lana, herritarrek hizkuntza erabiltzeko duten eskubidea bermatzekoa eta zerbitzu publiko duina ematekoa». Erabakia «euskaraz bizi nahi dugun euskaldunon komunitatearen aurkakoa» dela salatu du, baina baita «udalen autonomiaren», «elkarbizitzaren» eta «komunitate ezberdinen berdintasunaren» aurkako erabakia ere.

Halaber, «inboluzio legalaz» ohartarazi du LABek: «Legediaren interpretazioa gero eta estuagoa eta euskararen kontrakoagoa da. Azken berrogei urteetan legezkoa izan dena, orain, debakatu egiten da». Horregatik, euskarak «blindaje legala» behar duela aldarrikatu du, eta horretarako beharrezko dituela «akordio zabalak» eta aurrekoa bermatuko duen «lege propio» bat. «Lortu arte, gure hizkuntzan aritzeko eskubidearen kontrako halako erasoak pairatzen jarrituko dugu», adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.