Hilberria

Juan Jose Pujana Eusko Legebiltzarreko lehenbiziko presidentea zendu da

79 urterekin hil da Pujana. Aurreneko bi legegintzaldietan izan zen Legebiltzarreko presidente; 1980. eta 1987. urteen artean.

jarraia209123.jpg
2022ko otsailaren 2a
09:20
Entzun

Atzo zendu zen Juan Jose Pujana EAJko politikaria eta Eusko Alkartasunako sortzaileetako bat. Eusko Legebiltzarreko lehenbiziko presidente izan zen, eta zazpi urtez izan zen kargu horretan, 1980tik 1987ra, zehazki. Lehendik, baina, Lurralde Antolamendu, Hirigintza eta Ingurumen sailburua izan zen Euskal Kontseilu Nagusian —EAEko estatutu autonomia onartu aurretik, ondoren Jaurlaritza izango zenaren erakunde aurrekaria, 1978tik 1980ra indarrean izan zena—.

Aurretik, 1977an, alderdi abertzaleen Xibertan egindako elkarrizketetan parte hartu zuen EAJko ordezkari gisa, Koldo Amezketa, Joseba Azkarraga eta Gerardo Bujandarekin batera. Topaketa historiko haiek zeresan handia izan dute gerora ere, eta Lekutan zegoen Maltzaga erreportajean, haren lekukotza jaso zuen Gotzon Hermosilla kazetariak. «Ezinezkoa izan zen; oso zaila zen ados jartzea, batzuen jarrera [ETArena] oso dogmatikoa zelako». Halaxe laburbildu zuen Xiberta Juan Jose Pujanak artikulu hartan.

80ko hamarkada erdialdean, EAJ barruko gatazkan, dimisioa eman zuen legebiltzarreko presidente gisa, eta Eusko Alkartasuna alderdiaren sortzaileetako bat izan zen. 1986ko hauteskundeetan, sortu berria zen alderdiko legebiltzarkide izendatu eta berriro ere legebiltzarreko presidente izan zen. Beste urtebete eman zuen karguan; izan ere, 1987tik aurrera, Eusko Legebiltzarrak izendatuta, senatari autonomiko izan zen lau urtez, 1991ra arte. Bizkaiko EAko presidente ere izan zen.

Azken urteetan, politikagintzatik urrun izan da Pujana. 79 urterekin zendu da.

Ortuzarren hitzak

Andoni Ortuzarrek, EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, hura izan du gogoan Facebook sare sozialean zabaldutako mezuan: «Apurka-apurka, gure historiaren une erabakigarrienetan erreferente instituzional eta politiko izan ziren horiek joaten ari zaizkigu».

Ortuzarren arabera, Pujana «gizon jantzia zen, bere herria, hizkuntza, tradizioak bihotzez maite zituena». Egungo errealitateak hari zor diola uste du, haren eta belaunaldi haren guztiaren «lanaren fruitua» delako. Gaineratu duenez, omenaldia merezi dute herrialdea «autogobernurantz eta askatasunerantz» zuzendu zuten gizon eta emakume horiek guztiek.

Ortuzarren esanetan, 1986ko «zorigaitzeko zatiketan» EAJtik atera egin bazen ere, Pujanak aitortu zion ez ziola «sekula jelkide izateari utzi». «Azken urte hauetan alderdikide izan dugu, eta ohiko izan dugu gure ekitaldietan, bere bihotzeko Elorrioko alderdikideekin batera».

EAJk doluminak zabaldu ditu sare sozialen bitartez. Mezu horietan, alderdi jeltzaleak nabarmendu du Pujana «abertzale eta euskaltzale sutsua» zela. «Euskadi sakonki maite zuen, baita askatasuna ere», zehaztu dute txio batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.