Jaurlaritzak argitu du Poliziak jasandako urraketetan jarri dutela «fokua»

Jose Antonio Rodriguez Ranz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzarako sailburuordeak azaldu duenez, segurtasun indarrek jasandako indarkeriari buruz txosten bat egin izanak «ez du esan nahi Eusko Jaurlaritzak bat egiten duenik kolektibo horien jokabideekin».

Txostenaren aurkezpeneko argazkia. Artxiboko irudia. MARISOL RAMIREZ/ FOKU
unai etxenausia
2022ko otsailaren 1a
14:21
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren eskariz, txosten bat aurkeztu zuen Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak urtarrilaren 21ean:ETAren terrorismoaren ondorioz Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetako kideek eta haien senideek jasandako injustiziari buruzko txostena (1960-2011). Txostenak hautsak harrotu ditu azken egunotan, Jaurlaritzak berak dokumentatuta daukalako Poliziak 4.000 herritar baino gehiago torturatu zituela. Horren harira, Jose Antonio Rodriguez Ranz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzarako sailburuordea txostenaren inguruko polemikaren inguruan mintzatu da gaur goizean Euskadi Irratiko Faktoria saioan egin dioten elkarrizketan. Nabarmendu duenez, txostenaren edukian «fokua jarri nahi izan da giza eskubideen kontrako urraketak eta horiek sortutako sufrimendua azaleratzean, baina horrek ez du esan nahi Eusko Jaurlaritzak bat egiten duenik kolektibo horien jokabideekin».

Txostenean ageri denez, ETAk Espainiako segurtasun indarretako 357 kide hil ditu, 1968an Jose Antonio Pardines guardia zibila eta Meliton Manzanas polizia hil zituenetik. Horietatik 207 guardia zibilak ziren (%58), eta 150, poliziak (%42). Haien familietako hamazazpi pertsona ere hil zituen. Horren harira, txostenean hainbat gomendio egiten zaizkio Eusko Jaurlaritzari, eta horietatik lehena da «balioestea Estatuko segurtasun indarrek eta kidegoek ETAren aurkako borrokan egin duten lana».

Rodriguezek argitu du txostena ez duela Eusko Jaurlaritzak egin, Pedro Arrupe institutuak baizik. Era berean, ziurtatu du memoria historikoaren inguruko bilduma baten zatia dela agiria: «Ez da txosten bakan bat. Serie baten barruan kokatu behar da: Ertzaintzari buruzkoa egin da, zinegotziek jasan zutenaren ingurukoa eta sakabanaketak eragindako minaren ingurukoa. Orain txosten hau aurkeztu da».

Adierazi du Espainiako segurtasun indarrek giza eskubideak urratu dituztela Euskal Herrian. Halere, gaineratu du horrek ez duela esan nahi haiek ere «indarkeriak sortutako sufrimendua jasan ez dutenik». Eta txostena «mingarria» egin zaien orori esan die «sufrimendu guztiak azaleratu» beharra dagoela «etorkizunari aurre egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.