Hizkuntza eskubideak jomugan

Epaile batek arrazoia eman dio kaleratutako bitarteko funtzionario ohi bati, euskara «zaila» dela argudiatuta

Zegokion hizkuntza eskakizuna ez egiaztatzeagatik kaleratu zuen Laudioko Udalak, 2020an. Orain, hura berriro hartzeko agindu dio epaileak udalari, Arabako Alea hedabideak zabaldu du epaiaren edukia.

Laudioko (Araba) irudi bat. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko otsailaren 1a
11:27
Entzun

Gasteizko epaile batek arrazoia eman dio hizkuntza eskakizuna ez betetzeagatik Laudioko Udalean lanpostua galdu zuen langile ohi bati, eta udal horri agindu dio langilea berriro har dezala, lehen zuen lanpostuan edo antzeko batean.

2014tik, bitarteko funtzionario zebilen langile hori udalean, harik eta 2020an kaleratu egin zuten arte. Hirugarren hizkuntza eskakizuna zegokion haren lanpostuari, baina lehen hizkuntza eskakizuna soilik aurkeztu zuen tarte horretan langileak. Auzitara iritsi zen kontua, eta iazko abenduaren 30ean eman zuten epaia, baina orain arte ez da jakin haren edukia. Arabako Alea hedabideak eman du gaur haren berri.

Ikusi gehiago: Euskara «zaila» dela adierazi duen epaileak saretik kopiatu ditu argudio horiek

Langile ohiaren aldeko epaia arrazoitzean, epaileak euskararen zailtasuna erabili du argudio gisa. Izan ere, epailearen arabera, administrazioak «ahaztu» egin du euskara «munduko hizkuntzarik zailenen zerrendan bosgarrena dela», eta zenbait zerrendatan, «lehena». Arrazoibide horrek dioenez, «hizkuntza honen zailtasun nagusia da ez duela inolako loturarik beste ezein hizkuntzarekin; izan ere, bilakaera bakana izan du, eta horri gehitzen zaio haren egituraren konplexutasuna; hiztegiari dagokionez, hitzen esanahia aldatu egiten da ehunka atzizki, aurrizki eta artizki gehitzen direnean».

Ikusi gehiago:irakurri epaia

Gainera, Laudioko Udalari «sentsibilitate falta» egotzi dio epaileak, hark argudiatu izanagatik lehen hizkuntza eskakizuna soilik aurkeztu zuela langile ohiak. Epaiak dio udalak ez dituela kontuan hartu «hizkuntza hori ikasteko aparteko zailtasunak», ezta lan orduetatik kanpo euskara ikasten emandako 1.295 orduak ere. Aitzitik, arrazoi horregatik udalak langilea «zigortu» egin zuela dio. Horrez gain, epaileak dio 45 urte baino gehiago dituzten funtzionario titularrei (langile ohi horrek 45 urte zituen kaleratu zutenean) ezin zaiela hizkuntza eskakizuna eskatu, euskararen normalizaziorako dekretuaren arabera (86/1997 dekretua). Auzibidean, ordea, administrazioak argudiatu zuen irizpide horretatik kanpo geratzen direla, legediaren arabera, bitarteko funtzionarioak, eta hala zela kaleratutakoa. Ordea, dekretuak hala jaso arren, bitarteko funtzionarioentzat eta titularrentzat irizpide berbera ez aplikatzea «diskriminaziotzat» jo du epaileak. Europako Batasuneko legedira jo du horretarako, eta adierazi dekretu horri Europako Batasuneko 1999/70/CE direktiba gailentzen zaiola.

Bitarteko funtzionarioak azterketarik gainditu gabe aritzen dira estatuak sortutako lanpostuetan, plaza horiek betetzea premiazkoa delako. Gerora, lanpostu hori karrerako funtzionario batek eskuratuko du agian, azterketa egin ondoren.

Arabako Alea-k aurreratu duenez, Laudioko Udalak helegitea jarri dio epaiari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.