Espainiako Auzitegi Nazionalak euskal preso eta euskal preso ohien aurkako bertze auzibide bat onartu du tramiterako. Dignidad y Justicia biktimen elkarteak jarritako kereila bat da oraingoa, eta hiru euskal presoren eta euskal preso ohi baten aurkakoa da. Zehazki, Josu Urrutikoetxea preso ohia eta gaur egun Frantziako espetxeetan diren Aitzol Iriondo, Mikel Karrera eta Ainhoa Ozaeta auzipetu nahi dituzte, 2006ko abenduaren 30ean Madrilgo Barajasko aireportuan ezarritako bonbaren «erantzule» izan zirelakoan. Zehazki, ikertu nahi dute ustezko ETAko zuzendaritzako kide gisa haiek erabaki ote zuten atentatu hori egitea. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Alejandro Abascbal epaileak onartu du kereila tramiterako.
Magistratuak kaleraturiko autoan zehazten denez, lau euskal herritarrak ETAren «zuzendaritza batzordeko» kide eta «buruzagi gorenak» ziren Barajasko atentatua gertatu zenean, eta haiek eman zieten atentatuaren erantzule jotzen diren Elurra komandoko kideei bonba jartzeko erabilitako furgoneta.