Euskal gehiengo sindikalak ez du nahi ostegunean Madrilen bozkatuko duten lan erreforma onartzerik. Argi utzi dute hori gaur Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko kaleetan. Milaka lagun mobilizatu dira euskal alderdiei ezezko botoa eskatzeko, PSOE eta Unidas Podemosen gobernuaren erreformak aurrekoaren muinari eutsi diolako, besteak beste. Madrilek CEOE patronalarekin, eta CCOO eta UGT sindikatuekin adostu du erreforma, eta, sindikatuen ustez, garaipen handia da patronalarentzat.
Oraindik ez dago argi zein izango den bozketa horren emaitza, eta sindikatuek mobilizatzen jarraitzeko eskatu dute. Otsailaren 2an, adibidez, lantokien aurrean elkarretaratzeak egiteko eskatu dute. Gaur, berriz, gehiengo sindikalaren deiarekin bat egin dute hainbat eragilek, tartean Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak.
Sindikatuek bi arrazoi nagusigatik gaitzetsi dute lan erreforma: batetik, ez duelako PPren gobernuak ezarri zuen lan eredua aldatzen, eta, bestetik, erabakiak Euskal Herrian hartu behar direla uste dutelako, eta ez Madrilen. Argia zen Bilboko manifestazioak pankartan zeraman leloa: Lan erreforma honi ez! Euskal lan harremanen markoa.
Erabakiak, Euskal Herrian
Sindikatuen arabera, «euskal langileak eta herritarrak ordezkatzen ez dituzten eragileak izan dira gai horren inguruko erabakiak hartu dituztenak». Horretaz gain, PSOE eta Unidas Podemosen gobernuari «PPk inposatutako erreforma» ez indargabetu izana leporatu diote: «Urardotutako akordio bat hobetsi dute langile klasearekin hartutako konpromisoa bete beharrean».
Gehitu dutenez, «oso larria den lan erreforma baten aurrean» daude, eta Euskal Herrian lan harremanetarako esparru propioa eratzeko urratsak egin beharra dago. «Euskal langileon lan eta bizi baldintzen inguruko erabakiak Euskal Herrian hartu behar dira, eta ez Madrilen. EAE eta Nafarroako instituzioei eskatzen diegu ikusle soila izateari utzi eta lan harremanetarako esparru propioaren aldeko pausoak eman ditzaten», galdegin dute.
Alderdiei dagokienez, EAJk bere jarrera leundu du azken astean. Uste du formulak badirela akordioa aldatu gabe jaso dadin euskal itunen nagusitasuna. Iñigo Urkullu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehendakariak oraingo blokeo egoera eta «oztopoak» gainditzea espero duela esan zuen, euskal esparrua errespetatzeak ez duelako zertan aldatu erreforma, haren ustez.