Hegazti gripea

Kolektibo bat sortu dute ahateen hiltze prebentiboei buru egiteko

Milatik gora pertsona mobilizatu dira Donapaleun ahate hazleei babesa erakusteko. Sail industriala salatu eta Frantziako administrazioaren jarrera deitoratu dute.

Milatik gora pertsona mobilizatu ziren atzo arratsaldean Donapaleun. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko urtarrilaren 29a
19:53
Entzun

Milatik gora pertsonak protesta egin zuten atzo arratsaldean Donapaleun (Nafarroa Beherea) Kanpoko hazkuntza, biharko laborantza lelopean, ELB sindikatuak deituta. Hegazti gripearen testuinguruan, sail industrialak eragiten dituen «kalteak» salatu, eta Frantziako administrazioaren jarrera deitoratu zuten. Herritar kolektibo baten sorrera iragarri zuten, elkarren artean antolatu, eta administrazioaren hiltze prebentiboak oztopatzeko.

Orain dela hamabost egun sartu zen hegazti gripea Lohitzüne-Oihergira (Zuberoa), eta Beti Aitzina etxaldea zen kabalak bizirik zituen azken hazkuntza. Orain arte ahateak sano ziren, baina asteazkenean test bat egin zieten albaitariek, eta egun bukaerarako iritsi zitzaien emaitza: positibo eman zuten. Administrazioko zerbitzuak ostegunean joan ziren etxaldera ahateak hiltzera. «1.300 ziren; gure ekoizpenaren erdia baino gehiago garbitu dute hiru orenez. Gu, lekuko ginen. Guretzako biziki bortitza izan da»,­ kontatu zuen Julen Perez hazleak, hunkituta. «Laborari batentzat biziki neke da bere kabalak horrela joaten ikustea; ez da normala».

Kanpokoak, sanoagoak

Azken urteetan behin baino gehiagotan sartu da hegazti gripea Ipar Euskal Herrian, eta neurri zorrotzak agindu ditu Frantziako Gobernuak, hala nola kabalak barnean atxikitzea. ELBren babesarekin, neurriak ez betetzea erabaki dute hazle batzuek. «Logikoa da», Panpi Sainte Marie sindikatuko kidearen hitzetan. Kanpoko hazkuntzetan diren kabalak «sanoagoak» direla baieztatu du. Sail industriala da arazoaren funtsa, haren iduriko: «Debekatu ditzatela 20.000 ahateko etxaldeak, itzul gaitezen neurri txikietara, eta segur ez dugula eritasuna berdin biziko». Egoera laster konpontzeko txertoaren apustua egiteko prest badira ere, ELBko anitzen ustez, ez da beharrezkoa. Euskal Herriko Kriaxera arrazako ahateek hegazti gripea gainditzeko gaitasuna erakutsia baitute engoitik. «Ikusi dugu gure etxaldeetan ahateek birusa harrapatu dutela, baina eritasuna gainditu dutela. Horrek erran nahi du antigorputzak sortu dituztela», esplikatu du. «Kriaxera sendoa da, baina uste dugu ahate arruntak ere ongi heziak balira ez liratekeela erituko. Kanpoan balira, sano... Pertsonak bezala da, beti barnean, eritzen dira».

Frantziako Laborantza Ministerioarekin Kriaxera ahateek hegazti gripeari nola erantzuten dioten aztertzea onartu zuten orain dela hilabete batzuk, baina oraindik ez dute emaitzarik. «Adi ibili beharko dugu, ez daitezen gutaz trufatu».

Ahoan bilorik gabe mintzo da Sainte Marie: harentzat, «eritasun komertziala» da pairatzen dutena. «Frantzia estatu esportatzailea da, eta hegazti gripearen ondorioz esportazioa blokeatua da; herrialde anitzek ez dute hegazti gripea dagoen tokian erosi nahi». Horregatik agintzen dituzte hiltze prebentiboak. «Barneko merkaturako balitz, eritasuna ez litzateke arazo bat».

2017ko apirilean hiltze prebentiboak oztopatzeko herri harresiak osatu zituen ELBk Nafarroa Behereko eta Zuberoako hiru etxaldetan. Etxalde haietako laborariak auzipetu zituzten, baina errugabetzat jo zituen auzitegiak. Orduan, ez zeramaten birusik ahateek. «Aldi honetan arriskutsuegia zen laborarientzat, zigor gogorrak arriskatzen zituzten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.