«Izaera bereziko gaiak» lantzen dituzten 36 talde elkartzen dira Bizipoza Elkartean. Zenbait eskubide eta behar bereziak dituzten haur eta familiek osatzen dute, besteak beste, eta haiek dituzten kezkak kantuetan eman dituzte oraingoan, eta bideoklipetan ere jaso dituzte. Mundu berri bat guztiontzat 2 izena eman diote proiektuari, eta CD eta DVD formatuetan kaleratu dute lana. Larunbat goiz honetan aurkeztu dute, Hernanin, Gipuzkoan, eta lehen bideoklipa ikusgai jarri dute:
[Youtube]https://youtu.be/o9E4C7YtcKQ[/Youtube]
Bizipoza osatzen duten hamabi elkarte hartu dituzte, eta elkarlanean jarri dituzte elkarte horiek eta euskal sortzaileak, 11 kantu eta 11 bideoklip egiteko. Xabier Zabalak konposatu ditu kantu guztiak, eta hamabi idazle eta bertsolarik sortu dituzte letrak. Hamar kantari eta zortzi musikarik parte hartu dute grabazioetan. Gaurko ekitaldian, Motxila 21 taldeak jo ditu kantu horietako batzuk, zuzenean, Hernaniko Biteri Kultur etxean.
CDaz eta DVDaz gainera, liburuxka bat ere kaleratu dute, eta elkarte horiei buruzko informazioa eman dute horietan. Ipuin bat eta kantuaren letra ere erantsi dituzte, baita kantu horretan parte hartu dutenen argazkiak ere. Eñaut Aiartzaguenak egin ditu ilustrazioak. Elkarteek egunero egiten duten lana eta lantzen dituzten gaiak ezagutzera eman nahi dituzte, eta bideoklipek ere hori erakusten dute. Arena ekiztetxeak grabatu ditu bideoak.
Elkarte hauek parte hartu dute ekinbidean: SuperH, Beroa, Bortzirietako Guztiok Taldea, Ademgi, Gure Nahia eta Gure Señeak —elkarrekin atera dira kantu berean—, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa eta Mindara Elkartea —elkarrekin—, Txernobilen Lagunak, Euskal Herriko Down Sindrome Fundazioa, Sanfilippo Euskadi (Vass), Etiopia Utopia Fundazioa eta Bizipoza Elkartea bera.
Hamaika letragile, eta dozena pare bat musikari
Letrak egiteko hamabi bertsolari eta sortzaile hauengana jo dute: Jon Garmendia Txuria, Alaia eta Jon Martin Etxebeste, Sustrai Colina, Jon Maia, Onintza Enbeita Maguregi, Oihane Perea Perez de Mendiola, Andoni Egaña, Gotzon Barandiaran Arteaga, Ane Labaka Maioz, Maialen Lujanbio eta Igor Elortza Aranoa
Kantuak grabatzeko, berriz, musikari askoren laguntza izan dute. Oinarrizko bandan, L.M. Moreno Pirata-k haize instrumentuak jo ditu; Igor Telletxeak, bateria; Ruben Caballerok, gitarrak; eta Ritxi Salaberriak, baxua. Kaabestri hari laukoteak ere parte hartu du —Itziar Prieto, Igor Torre, Arkaitz Martinez eta Yi-Weng Wang)—. Horiez gain, beste hainbat kantari eta musika talderen laguntza izan dute ahotsak grabatzeko: Maren, Alaia eta Jon Martin Etxebeste, Estitxu eta Petti, Anari Alberdi eta Jon Maia, Alex Sardui, Jurgi Ekiza, Motxila 21, Francis, Demode Quartet eta Amak.
Bizipoza auzolan kantuak, bildumako azkenekoak, elkarte guztien ahalegina laburbiltzen du, eta kolaboratzaile guztiek batera grabatu dute, Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin batera. Kantu horri dagokion bideoklipa ere aurkeztu dute gaur Hernanin egin duten ekitaldian. Gainerako bideoklipak hurren asteetan aurkeztuko dituzte, banaka-banaka, Bizipozaren webgunean; elkarte horien lana ikusgarri egin nahi dute horrela. Egutegi hau jarri dute bideoklipak aurkezteko:
• Urtarrilaren 29an, Bizipoza auzolan bideoklipa.
• Otsailaren 1ean, Hogeitabira (EHko Down Sindrome Fundazioa).
• Otsailaren 4an, Txokotxoa (Beroa Elkartea).
• Otsailaren 8an, Guztiontzat (Bortzirietako Guztiok Taldea).
• Otsailaren 11n, Beste pauso bat (Ademgi Elkartea).
• Otsailaren 15ean, Parke bat (Super H Elkartea).
• Otsailaren 18an, Mundu bat non (Etiopia Utopia Fundazioa Tikal).
• Otsailaren 22an, Gaur gu gara eguna (Sanfilippo Elkartea).
• Otsailaren 25ean, Izan gure lagun (Gure Nahia eta Gure Señeak elkarteak).
• Martxoaren 1ean, Nahi ibili gurekin? (Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa eta Mindara Elkartea).
• Martxoaren 4an, Misha Txikia (Txernobilen Lagunak Elkartea).
Enpresa zenbaiten babesa jaso dute proiektua egin ahal izateko: Laboral Kutxak, Fagorrek, Danobat Groupek, Irizarrek eta Kutxa Fundazioak, hain justu. Gaurko ekitaldian Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak ere parte hartu du udalaren izenean. Bizipozari eskerrak eman dizkiote babesle guztiek.