Egungo murrizketak otsailaren 13ra arte luzatzea erabaki du Labik

Jaurlaritzak baimena eskatu die epaitegiei neurriak luzatzeko, eta epaileek datorren asteartean aztertuko dute gaia. Hoteletara, turismo guneetara eta joko aretoetara zabaldu du COVID pasaportearen eskaera.

Labi batzordearen bilera bat. RAUL BOGAJO / FOKU
2022ko urtarrilaren 28a
15:14
Entzun

Espero zena egin du Labi aholku batzordeak, hau da, egun indarrean dauden neurriei eutsi die otsailaren 13ra arte. Hala iragarri du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. Horrez gain, Jaurlaritzak eskaturiko beste proposamen bati baiezkoa eman dio, eta, aurrerantzean, hoteletan, eta turismo eta joko aretoetan ere eskatu beharko dute COVID pasaportea.

Azken hamalau egunotako intzidentzia tasak beheraka jarraitzen duela adierazi du Sagarduik, baina azken zazpi egunotako datuek erakusten dutela jaitsiera hori moteltzen ari dela. Halere, egunero 5.000 positibo gehiago atzematen ari direla adierazi du. Hori dela eta, neurriei eustea erabaki dute.

Gaurko bilerako zalantza nagusia COVID ziurtagiriaren ingurukoa zen. Izan ere, mantentzeaz gain, Jaurlaritzak harago jo nahi zuen. Orain arteko eremuetan ez ezik, hoteletan, turismo ostatuetan eta joko aretoetan ere ezarri nahi zuen Jaurlaritzak. Eta hala erabaki du aholku batzordeak.

Gaur 18:00etarako zegoen deituta Labi batzordearen bileraren osteko agerraldia. Bilera 16:30ean zen hastekoa. Iñigo Urkullu lehendakariak eskatua zuen aurretik neurriei eusteko, eta gaineratu zuen Batzorde Zientifikoa ere
ados zegoela horrekin.

Jaurlaritzak baimena eskatu die epaitegiei neurriak luzatzeko, eta epaileek datorren asteartean aztertuko dute gaia.

Aldaketa bat asteartean iragarri zuen Jaurlaritzak: eskola kirola baimentzea gaurtik aurrera. Urtarrilaren 4an erabaki zuten eskola kiroleko lehiaketak bertan behera uztea; entrenamenduak, berriz, mantendu egin zituzten. Kirol federazioen artean haserrea eragin zuen erabakiak, eta Gipuzkoako hamazazpi federaziok Eusko Jaurlaritzari eskatu zioten lehiaketak berriz egin ahal izatea. Federazioen arabera, eskola kirola eten izanak ez du izan «oinarri zientifikorik», irailetik ez baita «ondorio ezkorrik» agertu. Arabako eta Gipuzkoako aldundiek ere eskaera bera egin zioten joan den astean.

Abenduaren 4tik dago indarrean COVID ziurtagiria Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hasieran, taberna, dantzaleku eta 50 leku baino gehiago dituzten jatetxeetan eskatu behar zuten. Baina abenduaren 15etik eremu itxi gehienetan sartzeko aurkeztu behar da agiria, baita kiroldegietan, zinema aretoetan eta kultur jarduerak egiteko gainerako lekuetan.

Merkataritza gizarte eta kultura jarduerak 01:00ean ixten jarraituko dute, beraz, eta 02:00etan aterako dira herrialde bakoitzetik gaindiko azken garraio publikoak, besteak beste. COVID ziurtagiria eskatzen jarraituko dute orain arte bezala.

COVID ziurtagiria: galderak eta erantzunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.