Nafarroako Gobernua gaur zen aurkeztekoa sindikatuei Euskararen Foru Dekretua, Nafarroako Funtzio Publikoko Mahai Orokorrean. PSNk aurreratua zuen foru dekretuak euskara ez duela meritutzat hartuko eremu ez-euskaldunean, eta hala baieztatu du berriki Euskalerria irratiak, foru dekretuaren zirriborroa eskuratu ondoren.
Gobernuak moldatu egin ditu egun indarrean dagoen 215/1985 foru dekretuko 9. eta 15. artikuluak, eta, horrez gain, bigarren xedapen gehigarri bat gehitu du. Euskararen Legearen araberako zonifikazioaren arabera, euskara eremu bakoitzean nola baloratuko den zehazten dute puntu horiek. Bada, eremu ez-euskaldunean, euskara jakiteak ez du eraginik izango puntuazioan, eta eremu mistoan, berriz, lanpostu batzuetan soilik hartuko da aintzat.
Eremu mistoan, euskara jakiteagatik gehienez ere 2,76 puntu eskuratu ahalko dira lekualdaketetarako lehiaketetan, Euskalerria irratiak aurreratu duenez, eta unitate organikoetako burutzak edo zuzendaritzak betetzeko lehiaketetan, 6,9 puntu eskuratu ahal izango dira gehienez. Eremu euskaldunean, berriz, gehienez 4,6 puntu lortu ahalko dira lehen kasuan, eta gehienez 11,5 bigarrenean.
Euskara ez bezala, frantsesa, ingelesa eta alemana menperatzea merezimendutzat hartuko da Nafarroa osoan. Nafarroako Euskararen Dekretua aspaldi da polemika iturri. Gobernuak 2017an onartu zuen, baina epaileek baliogabetu egin zituzten zenbait puntu: besteak beste, administrazioari loturiko lan deialdietan euskara meritu gisa hartzea arautzen duena. Indargabetze horren ondorioz, Nafarroako eremu mistoan eta ez-euskaldunean egiten diren lan deialdietan euskara ez da balioesten.
Gobernuko alderdien artean desadostasun agerikoak sortu ditu dekretuak. Hala adierazi dio aste honetan bertan Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak BERRIAri: «Oraingoz, baina, ez dago adostasunik: arau hau daukagu, eta horrekin lan egin beharko dugu».
Prozedurak agintzen duenez, ondoko hamabost egunetan sindikatuek aukera izanen dute dokumentuari alegazioak jartzeko. Euskalgintzaren Kontseiluak iragarri du agerraldia egingo duela astelehenean, Hizkuntza Eskubidearen Behatokiarekin batera, dekretuaren zirriborroari buruzko «urgentziazko balorazioa» egiteko.