Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Kontseiluak lankidetza indartzea erabaki dute. Akordioaren xehetasunak azaltzeko, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamentuko presidenteak prentsaurreko bat egin dute gaur, Donostian. «Mugaz gaindiko» lehen partaidetzazko aurrekontuak jarriko dituzte abian, eta, horretarako, 300.000 euro jarriko dira guztira; 150.000 euro erakunde bakoitzak. Olano zein Lasserre pozik agertu dira akordioarekin, eta nabarmendu dute «lehen mailako lankidetzazko mugarri bat» dela. «Inklusioan eta lankidetzan oinarritutako» Europa bat eraikitzearen alde daudela azaldu dute.
Akordioak ekinbide eta proiektuen garapena bultzatzeko funts komun bat sortzean datza, herritarren eta elkarte sarearen proiektuetara bideratutako diru laguntzak emanez, eta «arreta berezia jarrita gazteengan». Herritarrek bozkatuko dute zer proiektuk jasoko duten azkenean eratutako funtsaren diru laguntza.
Aldundiak zabaldu duen oharraren arabera, proiektua Etorkizuna Eraikiz foru programaren barruan kokatzen da, ekinbide horretan sartu baitu Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Kontseiluko agintariekiko mugaz gaindiko lankidetza, «bere internazionalizazio lerroaren barruan». Etorkizuna Eraikiz programak dituen funtsezko ezaugarri batzuk ditu: «Lankidetzazko gobernantza bultzatzea, eragile ugari inplikatzea, eta esperimentazioa sustatzea».
Bi aldeen «anbizioa»
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiaren ustez, partaidetzazko aurrekontuen lehen aldi hau «adibide ona da mugaz gaindiko lurraldeek aurre egin behar dieten desberdintasun administratiboak, prozedurazkoak eta kulturalak gainditzeko». Bi aldeen artean oraindik diferentzia handiak izan arren, «jarrera proaktibo batetik abiatuta», proiektuaren «anbizioa» zehaztea lortu da.
Jean-Jacques Lasserrek nabarmendu du «aurrekaririk ez duen esperientzia bat» bat dela. «Gonbita luzatzen diegu herritar guztiei, mugaz gaindiko lankidetza eraikitzeko. Kontua ez da erakundeok beren ordez eraikuntza hori egitea, baizik eta herritarrei beraiei ematea aukera, beren kabuz egin dezaten», esan du.