Musika

Vulk taldeak ‘Vulk ez da’ diskoa argitaratuko du bihar

Formatu digitalean aterako du lehendabizi, eta otsailaren 14an iritsiko da hamabi hazbeteko binilo formatuan. Hiru urteko geldialdi eta hausnarketaren ondoren, lan berria euskara hutsez grabatu du Bilboko post-punk taldeak.

Vulk osatzen duten lau kideak. AITOR MENDILIBAR
Berria
2022ko urtarrilaren 27a
15:22
Entzun

Aurreko diskoa kaleratu eta orain arteko tartean, kide aldaketa bat izan da Vulk taldean, Jangitz Larrañagak hartu baitu Javier Marcoren lekua baterian, eta horrek mugarri bat ezarri du taldearen garapen artistikoan, euskara bihurtu baita abesti berrien hizkuntza. Hortaz, hirugarren diskoan —Beat Kamerlanden (2017) eta Ground for dogs (2018) iritsi ziren aurretik— ingelesa baztertu du laukoteak, eta abesti guztiak euskaraz grabatu ditu. Diskoa bihar argitaratuko dute, baina gaur bertan entzungai dago Badoken, esklusiban.

Berako (Nafarroa) Atala estudioan zuzenean —lau kideek batera joz— eta soinu analogikoa erabiliz grabaturiko 11 kantu «erraietako— biltzen ditu diskoak. «Kantuok adiskidetasunari eta amodioari buruz hitz egiten dute ikuspegi existentzial batetik, eta gizateriaren indarkeriara hurbiltzen gaituzte errealitatearen ezintasunetik», Montgri diskoetxeak azaldu duenez. Bere burua ukatu —hori adierazi nahi du izenburuak— eta hazten jarraitzeko tabula rasa egin du laukoteak disko berrian. Larrañagarekin batera, Andoni de la Cruz (ahotsa), Alberto Egiluz (baxua) eta Julen Alberdik (gitarra) osatzen dute Vulk.

Diskoaren zuzeneko grabazioa promozioko bideoklipetan ere islatu nahi izan du Vulkek, kantuak berriz grabatuz ikus-entzunetarako. Horrela, orain arte hiru kantu eman dituzte ezagutzera —Lanaren kanta, Mailua eta Vulk ez da—,baina iazko azaroan diskoaren aurkezpen moduko bat ere egin zuten Bilboko Zinebi jaialdiaren barruan.

Otsailaren 25ean emango du diskoa aurkezteko lehenengo kontzertua Vulkek, Azpeitiko Sanagustin aretoan, Tatxers taldearekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.