Gaur zuten deklaratu beharra Lekarozko (Nafarroa) Aroztegiko proiektuaren kontrako desobedientzia ekinaldietan parte hartzeagatik akusatutako sei herritarrek, Nafarroako Auzitegian. Aroztak herri plataformaren arabera, ustezko derrigortze delitua egozten diete akusatuei. Dozenaka herritarrek protesta egin dute Iruñeko epaitegi parean. «Herri baten borondatea ezin da epaitu», salatu dute.
Aroztak plataformako Garbiñe Elizegik nabarmendu du akusatuak «lurra eta bizimodua defendatu nahi izateagatik» deitu dituztela epailearen aitzinera agertzera: «Zigortu nahi dena ez da egin duguna edo egin ez duguna, baizik eta eraso bortitz baten aurrean herri oso batek bere burua defendatzea eta bere erabakien jabe izatea». Elizegik azpimarratu du Baztanek «historikoki» duela jokabide hori: «Batzarretan erabakiak hartu, eta auzolan bidez hori burura eraman. Kriminalizatu nahi da herrien burujabetza eta herri honek bizirauteko duen gogoa». Horri loturik, zehaztu du herriak «zutik» segituko duela, «duintasunez».
Enegarrenez, Aroztak plataformako kideek salatu dute «beren erabakiak hartzeko ahalmena» kendu diela Nafarroako Gobernuak. Gogora ekarri dute gobernuak udalez gaindiko eragina duen plan sektoriala jarri zuela martxan. Horren «erabilera gaiztoa» gaitzetsi dute. Itziar Torres Aroztak irmoki kritikatu du urteek aurrera eginda ere ez dela plana deuseztatu. Hain zuzen ere, zehaztu du hori kentzea dela konponbidea.