Otsailaren 14ra arte. Nafarroako Gobernuak COVID-19aren aurkako neurri murriztaileak beste bi astez luzatzeko baimena eskatu dio Nafarroako Auzitegi Nagusiari. Epaileek oniritzia berretsiz gero, otsailaren 1etik aurrera ere indarrean izanen dira honako neurri hauek: ostalaritza lokalak 01:00etatik 06:00etara ixtea, mahaian eserita kontsumitu behar izatea, eta gehienera hamar pertsona elkartzeko muga.
Nafarroako Gobernuak abendu bukaeran ezarri zituen neurri horiek, eta urtarrilaren 14an luzatu zituzten lehen aldiz. Bietan, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren onespena jaso zuen Maria Txibiteren gobernuak. Izan ere, epaileen iritziz, «beharrezkoak eta neurrikoak» dira.
Oraingo honetan ere, neurriei eustea «oso garrantzitsua» dela uste du Santos Indurain Osasun kontseilariak. «Beheranzkoa nabaritu dugu birusaren transmisioari dagokionez, baina joera hori sendotu beharra dago. Bestalde, ospitaleen okupazio maila ere oso handia da oraindik. Ez dugu atzera egin nahi», azaldu du gobernu kontseilu osteko agerraldian.
Indurainek azaldu duenez, neurri murriztaileen luzapenaz gain Nafarroako Gobernuak erabaki du «osasun sistema indartzen segitzea» eta «gaitzaren arakatze sistema egokitzen segitzea». Besteak beste, kontratua udara arte berrituko diete izurriagatik behin-behinean kontratatutako osasun langileei: «Horrek arnasa hartzeko aukera emanen dio gure osasun sistemari, oraindik indarrean den seigarren olatuaren ostean». Kontseilariak nabarmendu du gobernuak «apustu ekonomiko garrantzitsua» egin duela kontratu horiek berritzeko: «15 milioi euroko aurrekontua erabiliko da horretarako».
Hirugarren dosia, 18 urtetik gorakoei
Eusko Jaurlaritzak egin bezala, Nafarroako Gobernuak ere zabaldu egin du COVID-19aren aurkako txertoaren indartze dosia emateko adin tartea. Hala, otsailaren 1etik aurrera, 18 urtetik gorako guztiei hirugarren dosia jartzeko aukera emanen diete. Kontseilariak azaldu duenez, 60.000 bati emanen diete ordua hartzeko aukera, gaurtik aurrera.
Ordurik gabeko txertaketari ere eutsi nahi dio Osasun Departamentuak eta, otsailaren lehenetik aurrera, seminarioan eginen dute, Forem zentroko txertatze gunea itxita. 12.075 pertsona txertatu dituzte txertatze lerro hori abuztuaren bukaeran zabaldu zenetik.
Bestalde, LABI Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordea datorren ostiralean biltzekoa da, COVID-19aren aurkako egungo prebentzio neurriei eutsi edo horiek aldatu erabakitzeko.