Orain bi aste ohartarazi zuen Foro Sozial Iraunkorrak Espainiako estatuko hainbat taldek eragindako biktimek «diskriminazioa» jasaten zutela, eta, hori gainditze aldera, biktima horien artean argitu gabe dauden kasuak «agenda politikoan» sartzea galdegin du gaur foroak, prentsa ohar baten bidez.
Jakinarazi duenez, datu ofizialen arabera 364 dira GALek, BVEk, Triple Ak eta polizia mota ezberdinek hildako euskal herritarrak, eta horietatik %38 argitu gabe daude oraindik ere. Foro Sozialaren ustez, hori da biktima horien inguruan gaur egun dagoen «diskriminazio adierazpenik nabarmenenetako bat», eta, gaia «konplexua» dela aitortu arren, bideratzeko eskea egin die instituzioei, helburu gisa biktima guztiei egia ezagutzeko, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea bermatzea jarrita.
Horretarako hainbat proposamen egin ditu foroak. Lehena, egiaren batzordea, txosten ofizialak, Espainiako sekretu ofizialen lege berria eta antzeko mekanismoetan «sakontzea». Bigarrena, argitu gabeko kasuak ikertzea. Zehaztu dute horretarako espetxeratzea ez den bertze bide bat bilatu beharko litzatekeela, «nazioarteko parametroen» barnean. Eta, hirugarrenik, foroak eskatu du erreparaziorako politika publikoetan erakundeak «eredugarriak» izan daitezela, «oraindik existitzen diren diskriminazio sentimenduetan ez sakontzeko eta biktima guztiak berdintasunez tratatzeko».
Helburuetatik «urrun»
Foro Sozialak uste du, hain zuzen, oraindik «urrun» dagoela biktimekiko «bereizkeria» gainditzea, nahiz eta «elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko beharrezkoa» den: «Eredugarriak izan beharko luketenen aldetik —erakundeak eta alderdi politikoak, batez ere— berdintasunezko trataera erakustetik oso urrun gaude oraindik». Foroak nabarmendu du bereizkeria horiek «haustura sakona» eragin dutela estatuaren biktimek politika instituzionalarekiko duten konfiantzan, eta «areagotu» egin zaiela justiziarekiko duten «mesfidantza». Horren adibide da EAEko 12/2016 legea, zeinaren bidez biktima horiek aitortza jaso behar zuten: espero baino biktima gutiagok egin dute kalte ordaina jasotzeko eskaera.
Foroak proposatu du «eztabaida sakona» ireki dadila, estatuaren biktimen «arazo konplexuari irtenbide integrala» eman ahal izateko: «Horren helburu bakarra nazioarteko zuzenbidean oinarritutako biktimen eskubideak bermatzea izango litzateke».