Frantziako Asanbleak iragan urrian onartu zuen sexu orientazioa aldatzeko «terapiak» debekatzeko lege proposamena, eta, hainbat hilabete pasatu ondoren, Frantziako Parlamentuak aho batez onartu du lege hori. Hala, gaurtik aurrera hiru urte arteko kartzela zigorra ezarri ahalko diete sexu orientazioa aldarazi eta heterosexualitatea inposatzeko konbertsio terapiak egiten dituztenei, eta isunen bidez ere zigortuko dituzte praktika horiek. Ondorioz, aurrerantzean jarduera horiek legez kanpokoak izango dira Ipar Euskal Herrian ere.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak sareetan adierazi duenez, praktika «iraingarri» horiek ez dute lekurik Frantzian, «norbera» izateak ezin baitu delitu izan. «Ez dago sendatzeko ezer», nabarmendu du. Hain justu ere, homosexualitatearen aurkako jarrera despenalizatu eta 40 urtera hartu du Frantziako Parlamentuak erabaki hori, eta Goi Ganberako kide guztiek bozkatu dute lege berriaren alde. Zehaztekoa da Frantziako Senatuan legearen inguruko eztabaida eraman zutelarik, Ipar Euskal Herriko Max Brisson (Errepublikanoak) senatariak kontra bozkatu zuela. Sud Ouest kazetan egindako elkarrizketa batean zehaztu zuen "terapiak" debekatzearen aldekoa dela, baina lege proiektuan "genero identitate" terminoa behin eta berriz agertzen zela, eta horrexegatik bozkatu zuela kontra. "Genero identitatearen kontzeptuak gizonen eta emazteen arteko alteritatea desegiten du", erran zuen orduan.
La loi interdisant les thérapies de conversion est adoptée à l'unanimité !
— Emmanuel Macron (@EmmanuelMacron) January 25, 2022
Soyons-en fiers, ces pratiques indignes n'ont pas leur place en République. Parce qu’être soi n’est pas un crime, parce qu’il n’y a rien à guérir.
Horrenbestez, bi urte inguruko espetxe zigorra eta 30.000 euroko isuna ezarriko diete erabiltzailearen osasun fisiko edo mentala aldatzen dutenei eta horiei kalte egiten dietenei. Halaber, zigor hori hiru urte inguruko espetxealdira eta 45.000 euroko isun batera igoko da erabiltzaile hori adingabe bat edo elbarritasunen bat duen pertsona bat denean.
Praktika arriskutsuak
Homosexualen eskubideen alde egiteaz gain, pertsona baten joera sexuala edo sexu nortasuna eraldatzeko asmoz egindako jarduera arriskutsuak zigortu nahi dituzte lege honen bitartez. Hipnosia, abstinentzia edota exorzismoa dira jarduera arriskutsu horietako batzuk, eta talde erlijiosoek sustatu izan dituzte nagusiki.
Taldeko terapiak erabiltzen dituzte konbertsio formarik ohikoen gisa, eta, haietan parte hartu izan duten hainbat lagunen testigantzen arabera, depresioa eragiten dute. Batzuek beren buruaz beste egiten ere amaitzen dute.