Espainiako Osasun Batzordeak COVID-19a pasatu dutenei hirugarren dosia jarri aurretik bost hilabete itxoiteko gomendatu die gaur. Irizpide berria da hori, hilabetearen hasieran esan baitzuen lau aste nahikoa zirela. Zehazki, epea bost astetik lau astera murriztu zuen, eta erabakiak harridura sortu zuen zientzialarien artean: askok esan zuten zentzugabea zela, eta lortu nahi zuen helburuaren kontrakoa ere izan zitekeela.
Erabaki hori hartu zenetik, gaitza pasatu eta lau astera hirugarren txertoa jartzeko eskatzen zuen Osasun Batzordeak, betiere aurreko dositik sei hilabete pasatu badira. Bigarren baldintza hori ez da aldatuko orain, baina bai lehena, eta bost hilabeteren buruan txertatzeko eskatu dute, Espainiako Osasun Ministerioak ohar batean azaldu duenez.
Osasun Batzordea Espainiaren ministerio horretako adituek eta autonomia erkidegoetako ordezkariek osatzen dute. Espainiako Gobernuak dio hirugarren dosi horrek gorputzaren erantzuna indartzen duela eta aldaera berriak bertan behera uzteko gaitasuna handitzen duela.
Halaber, batzorde horrek txertaketa estrategian egindako azken eguneratzearen arabera, COVID-19aren aurkako txertoa hartu aurretik kutsatutako 5 eta 11 urte arteko haurrei dosi bakarra emango zaie, gaitza diagnostikatu eta zortzi astera. Infekzioa lehen dosiaren ondoren atzematen bada, berriz, bigarren dosia hartu ahalko dute hura diagnostikatu ondorengo zortzigarren astetik aurrera, eta zortzi asteko tarteari eutsiko zaio lehen dosiari dagokionez.