Sexu erasoa

Auzipetuak epaiketan aitortu du bera izan zela 2019an Beasainen emakume bat bortxatu zuena

Gaur hasi dira epaitzen 2019ko uztailaren 13ko bortxatzailea. Gaineratu du ez dela gertatutakoaz gogoratzen. Emakumeak deklaratu du erasoaz geroztik «oso gaizki» dagoela. 2012tik Gipuzkoan izan diren beste lau bortxaketa ere leporatzen zaizkio, saileko bortxatzaile bat delakoan.

Sexu erasoaren aurka, biharamunean, Beasainen egin zen protesta. JAVIER ETXEZARRETA, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko urtarrilaren 24a
11:58
Entzun

Gaur hasi da 2019ko uztailaren 13an Beasainen (Gipuzkoa) emakume bat bortxatzeagatik egun batzuk geroago atxilotu zuten gizonaren kontrako epaiketa. Gizonak orain arte deklaratu nahi izan ez badu ere, gaur epaiketan aitortu egin du bera izan zela egun horretan Beasainen emakumea bortxatu zuena, eta gaineratu du ez dela gertatutakoaz oroitzen. «Bai, aitortzen dut, baina ez naiz gogoratzen. Ezin dut justizia engainatu», esan du.

Epaiketa hasi aurretik Malu Valles emakumearen abokatuak azaldu du zigor handia espero duela defentsak, instrukzioa «bikaina» izan delako eta ikerketa «ondo lotuta» dagoelako; haren arabera, frogek erakusten dute auzipetua dela bortxatzailea. Uztailaren 19an atxilotu zuten Lazkaon. Poliziak uste du saileko bortxatzaile bat dela, eta 2012tik Gipuzkoan izan ziren beste bortxaketa batzuk ere gizon horri egozten dizkio; bost prozesu ditu irekita denera, eta gaur hasi dena da epaituko duten lehena.

Beasaingo erasoa 2019ko uztailaren 13an gertatu zen. Emakumea etxetik atera zen, lanera joateko asmoz, eta auzipetuak eraso egin zion: kloroformoa jarri zion, eta atzera etxera eraman, eta han atxiki eta bortxatu egin zuen. Gizona emakumearen anaiaren nagusia zen, eta, emakumea anaiarekin eta koinatuarekin bizi zenez eta haiek oporretan zirenez, bazekien emakumea bakarrik zegoela etxean egun horietan.

Fiskaltzak, akusazio partikularrak eta Clara Campoamor elkarteak (herri akusazioa) eskatu dute auzipetuari 24 urteko espetxe zigorra ezartzeko: hamabost urte, sexu erasoagatik; hiru, lesioengatik; eta sei, legez kanpo atxikitzeagatik.

Beasainen bortxatu zuten emakumeak bideokonferentziaz deklaratu du gaurko saioan, auzipetuarekin gela berean egon behar ez izateko. Ondorioz, defentsak ez du eskatu ateak itxita egitea, haren nortasuna babestuta dagoelakoan. Malu Valles emakumearen abokatuak esan du «urduri eta kezkatuta» zegoela, epaiketan deklaratu behar izateagatik.

Konortea galdu zuen

Emakumeak deklaratu du egun horretan lanera joateko atera zela etxetik. Adierazi du ez zuela erasotzailea ikusi. Azaldu duenez, «oso bustia» zegoen trapu bat jarri zion aurpegian, eta, garrasi egin eta ihes egiten saiatu bazen ere, ez zuen lortu, konortea galdu zuelako. Gero pare bat aldiz esnatu zen, baina ezin zuela mugitu gogoratzen du. Lehen aldian galtzerdiak kendu zizkiotela oroitzen du. Bigarrenean ez zegoela inor esan du, baina odol asko zegoela. Ahoa hazia zuen, eta azaldu du gertatutakoaren berri emateko lanera hots egin zuenean ulertu ere ez ziotela egin.

Emakumeak gaineratu du erasoaz geroztik «oso gaizki» dagoela, ezin izan dela lanera itzuil, gauez ez dela kalera ateratzen, eta begiak ixten dituenean «hor» gizon bat dagoela uste duela.

Epaiketa luzea espero zuten akusazioek, hasi aurretik. Clara Campoamor elkarteko abokatu Cristina Ramosek esan duenez, Ertzaintzako poliziek eta perituek ez ezik, hainbat lekuko ere deklaratzekoak ziren. Ramosek gaineratu du kasuak duela bi urte eta erdi izan zuen oihartzuna izatea espero duela orain ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.