Fiskaltzak urtebete eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du Iruñeko bizilagun batentzat, Consuelo Ordoñez Coviteko presidenteari «nazka ematen didazu» esan ziolakoan, iazko azaroan Iruñeko Alde Zaharreko Gaucho tabernan aurkitu zuenean. Adierazpenak «gorroto delitutzat» har daitezkeela esan du fiskaltzak. Halere, adierazpenek ez zuten inolako liskarrik eragin.
Ez Ordoñez, ez Covite, ez dira aurkeztu Maria Paz Benito epaileak bideratutako diligentzia hauetan, eta, beraz, fiskaltzarena izango da akusazio bakarra.
Naiz hedabideak jakitera eman duenez, akusatuak bere burua aurkeztu zuen Iruñeko Chinchilla jeneralaren kaleko polizia etxean, bere abokatuarekin batera: atxilotu egin zuten, eta ziegan igaro zuen gaua. Hurrengo egunean, epailearen aurrera eraman zuten, eta deklaratu egin zuen. Gero, kargupean askatu egin zuten.
Consuelo Ordoñezen bertsioaren arabera, «abertzale batek» ezagutu eta «gorrotoz» oihukatu zion: «Nazka ematen didazulako noa hemendik».