(H)ilbeltza jaialdia lehertzear da

Datorren astelehenetik igandera egingo dute euskal nobela beltzaren astea, Baztanen. Iaz ezin izan zuten betiko formatuan egin. Ohi bezala, aurkezpenak, solasaldiak eta itzuliak izango dira, besteak beste.

(H)ilbeltzaren antolatzaileetako batzuk, gaur, Karrikirin. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ane Eslava.
2022ko urtarrilaren 20a
18:07
Entzun

Lehertzera doa. Hori da VIII. (H)ilbeltza zikloa iragartzeko egin duten bideoaren goiburua, eta ideia horri heldu diote jaialdiaren aurkezpenean ere: «Horren beldur ginen, dena lehertuko zela eta (H)ilbeltzarik gabe geldituko ginela, baina leherketak gure aldera egin du». Gaur eman dituzte Baztango (Nafarroa) euskal nobela beltzaren astearen inguruko xehetasunak, Iruñeko Karrikiri elkartean: astelehenean abiatuko da, eta igandera arte beltzez tindatuko ditu Arizkun, Aniz, Elizondo, Erratzu eta Irurita.

2015etik antolatzen dute (H)ilbeltza, baina iaz ezin izan zuten aurreko urteetakoa bezalako jaialdirik egin; egitaraua urte osoan banatu zuten. Abenduan iragarri zuten moduan, aurten ohiko formatura itzuliko dira, eta astebetez aurkezpenak, solasaldiak eta itzuliak egingo dituzte, besteak beste. Egoera dela eta, bertan behera utzi dituzte bazkaria eta Susmagarrien gaua.

Jarduerak bost egunetan

Astea irekitzeko, 2020 (H)ilbeltza bekarekin argitaratutako liburuaren aurkezpena egingo dute, Arizkunen: Massimo Carlottoren Agur, maitea, ikusi arte, Koldo Bigurik euskaratutakoa.

Asteazkenean, beste hizketaldi bat izango da, Euskal gaizkileak fikziozko podcastaren ingurukoa. Zuzeu agerkariak sortu zuen podcast hori; Beñat Hachek zuzentzen du, eta Bikoiztaile Euskaldunen Elkartearekin batera egiten dute. Euskal Herrian transmititu izan diren krimenen inguruko istorioak fikzio moduan kontatzen dituzte. Hachek emango du hitzaldia, Anizen.

Ostiralean, Ainize Madariaga kazetaria Baionako Marga Andurain abenturazaleari buruz mintzatuko da, Marga Andurain abenturaren gurpilean izeneko hitzaldian, Elizondon.

Larunbat goizean, Hondar ahoak telesailean oinarritutako mahai inguru bat izango da. Idoia Artxanko ekoizpen arduraduna eta Koldo Almandoz zuzendaria telesailaren sortze prozesuaz mintzatuko dira, Elizondon. Arratsaldean, Itxaro Borda Euri zitalari esker liburuaz eta Amaia Ezpeldoiren saga osoaz arituko da, Ane Gartziarekin batera, Erratzun.

Igande goizean, Lubakietako oroiminak izeneko itzuli beltza egingo dute, Iruritan. Arratsaldean, berriz, Pettik eta Ana Galarragak Frankenstein agurgarria, gutun musikatu bat emanaldia estreinatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.