Alderdiak

Anduezak adierazi du ez duela proiekturik partekatuko EH Bildurekin, ETA gaitzetsi arte

Anduezak uste du bi alderdiek zenbait herritan dituzten akordioak «puntualak» eta positiboak direla, baina ez du uste egoera egokia denik «pisuzko akordioak» egiteko.

EH Bildu eta PSE-EE bildu dira gaur, Bilbon. AMAYA DIAZ-EMPARANZA
Oihane Puertas ONA
2022ko urtarrilaren 19a
13:27
Entzun

PSE-EEko eta EH Bilduko zuzendaritza politikoak batzartu dira gaur goizean, EH Bilduren Bilboko egoitzan. Eneko Andueza idazkari nagusi izendatuz geroztik sozialistak eragile politiko eta sindikalekin egiten ari diren bilera sortaren barruan elkartu dira, eta, adierazi dutenez, «normaltasun politikoko giroan» egin dute bilera. Besteak beste, «herritarren bizi kalitateari eragiten dioten gai guztiei buruzko iritziak» alderatu dituzte.

Koalizio abertzalearen izenean, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, Garikoitz Mujika EH Bilduko zuzendari nagusia eta Maddalen Iriarte EH Bilduko Legebiltzar taldeko bozeramailea izan dira bileran; eta, sozialisten izenean, Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusi izendatu berria, Miguel Angel Morales antolakuntza idazkaria eta Ekain Rico politika autonomikoko idazkaria. Ordu erdiko bilera egin dute.

Akordio puntualak

Anduezak baztertu egin du EH Bildurekin akordio «handiak» lortzea, bereziki koalizio abertzaleak ez duelako «ETAren terrorismoaren gaitzespen zehatzik» egin: «Hori gertatzen ez den bitartean, PSE-EEk ez du parte hartuko EH Bildurekin partekatutako proiektu batean ere». Hala ere, zehaztu du bi alderdiek «unean uneko proiektuetan akordio puntualak» dituztela, eta «positibotzat» jo du hori.

«Beti esan dut EH Bildurengandik urruntzen gaituen kontu bat dagoela: ETAren terrorismoa gaitzestea eta eragindako mina onartzea», zehaztu du Anduezak: «Eta, hori gertatzen ez den bitartean, PSEk ez du parte hartuko EH Bildurekin partekatutako proiektu batean, eta are gutxiago mahaiaren gainean arazo identitarioa, nazionala, jartzen bada. Inoiz ez dugu parte hartuko sezesionismoa eta independentzia oinarri dituen proiektu batean».

Horrez gain, PSE-EEk nabarmendu egin du EH Bilduk Eusko Jaurlaritzaren 2022ko aurrekontuei emandako babesa, eta koalizio abertzaleari eskatu dio «ez dadila izan argazkirako keinu puntual bat». Zehaztu du aukerak badirela arlo sozialean bi alderdiek akordioak egiteko. Lan erreformaren gaia ere jorratu dute bileran, eta Anduezak «argi» utzi nahi izan du «funtsezkoa» dela inbestidurari bide eman zioten talde politikoek lege aldaketa babestea, horrek «langileen eskubideetan aurrera egitea» ekarriko duelako.

EH Bilduk ohar labur batean adierazi du bilera «normaltasunez» egin dutela, eta herritarren «bizi kalitateari» eragiten dioten hainbat gai aztertu dituztela, eta instituzioetan egiten ari diren lanaz aritu direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.