EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan gaur egindako proposamenaren harira, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako PSE-EEko buruak adierazi du «guztiz kontra» dagoela. Asensioren esanetan, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik «bakearen aurkako profil politiko nabaria» izan zuen, «euskararekin lotutako ibilbidetik haratago».
Horrez gain, Asensiok nabarmendu du ETAren sortzaileetako bat izan zela eta Herri Batasunari lotuta egon zela «terrorismoaren urte gogorrenetan». Hala ere, adierazi du PSE-EEren posizioak ez daukala zerikusirik Txillardegik euskararen arloan egindako lanarekin: «Sozialistok azpimarratu nahi dugu ez garela inolaz ere zalantzan jartzen ari Txillardegik hizkuntzalari eta euskal idazle gisa egindako lana».
PPko Juan Carlos Canok ere salatu du EH Bilduren proposamena, eta «aberrazio» moduan izendatu du. Ekinbidea datorren otsailaren 2an bozkatuko da Gipuzkoako Batzar Nagusietan.