Ustelkeria

EH Bilduk dio Alonsotegiko zigortuek dirua osorik itzultzea lortu duela

Indar subiranistak nabarmendu du bere akusazioak ahalbidetu duela zigortuek gordailuan milioi bat euroko bermea jartzea.

Alonsotegiko udaletxea. MONIKA DEL VALLE / FOKU
jon olano
2022ko urtarrilaren 18a
13:12
Entzun

2011tik 2015era Alonsotegiko (Bizkaia) EAJko alkate izandakoak, Jose Luis Erezumak, udaleko arkitekto izandako batek eta haiekin batera ustelkeria auzi batean korapilaturiko Laneder Construcciones eraikuntza enpresako bi kideek ez dute kartzelara joan beharko, aldeek akordioa lortu eta gero.

Auzipetuek aitortu egin dituzte leporaturiko delituak, hots, prebarikazioa egin izana, dokumentuak faltsutu izana eta iruzurra egin izana; eta bakoitzak bi urteko espetxe zigorra, beste hamarreko inhabilitazioa eta denen artean 881.000 euro ordaintzea onartu dute. Zehazki, lapurtutako dirua itzuli —681.000 euro ziren— eta beste 200.000 euro ordaindu beharko dituzte, interesengatik.

EH Bilduk jardun du herri akusazio gisa, eta indar subiranistak agerraldi bat egin du gaur. Besteak beste, nabarmendu du EH Bilduk berak egindako akusazioari esker lortu dela gordailuan milioi bat euroko bermea jartzea, zigortuek dirua osorik itzul dezaten. «Honako hau ez da ustelkeria delituagatik ezarritako lehen zigorra, eta ez da lehen aldia EAJko alkatetzetan horrelako kasu bat argitara ematen dela EH Bilduk egiten duen lanari esker», azaldu du Izaskun Duque EH Bilduko Bizkaiko batzarkide eta arduradun instituzionalak: «Alonsotegikoa ez da kasu bakarra. Politika eta zerbitzu publikoa ulertzeko modu baten egiaztapena da».

Auzian EAJko alkate bat ustelkeriagatik zigortu dutela nabarmendu du Duquek, eta gaineratu «politika ulertzeko eta gobernatzeko beste modu bat» dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.