Antzerkia

Bertol Arrietak eta Mikel Fernandinok irabazi dute Cafe Bar Bilbao saria

Arrietak kasualitatez topo egin duen bikote ohi baten istorioa kontatu du Zure sotoko ardoa lanean, eta Fernandinok «maitasunaren komenigarritasunari» buruz hitz egin du Deus ex twingo-n.

Marieta Diaz de Toledo eta Bertol Arrieta saridunak, Mikel Martinez aktore eta Cafe Bar Bilbao tabernaren jabearekin (ezkerrean), gaur, Bilbon. RAUL BOGAJO / FOKU
Andoni Imaz.
2022ko urtarrilaren 18a
11:56
Entzun

Cafe Bar Bilbao Teatro Laburreko XIX. sariak banatu dituzte gaur goizean Bilbon. 29 gidoi jaso dituzte aurten, «maila handikoak», antolatzaileen hitzetan; zortzi euskaraz eta 21 gaztelaniaz. Euskarazko saria ex aequo eman diete Bertol Arrietaren Zure sotoko ardoa eta Mikel Fernandinoren Deus ex twingo lanei.

Bi gidoi irabazle horien irakurketa dramatizatua eszenaratuko dute Bilboko Lautan Hiru jaialdian, Tartean teatro konpainiaren laguntzarekin. Gainera, Bilboko Pabiloi 6 aretoko Antzerki Arineko Jardunaldietan parte hartzeko ekoizpenerako laguntza jasoko dute.

Orain arte, narraziogintza izan da Arrietaren jarduera nagusia, gidoigintzan ere aritua den arren. Iazko udazkenean argitaratu zuen Gezurra berdaderoa helduentzako bere lehen nobela, eta haur eta gazte literaturako zenbait liburu idatzi ditu aurretik. Zure sotoko ardoa du lehen antzezlana. Egun, suizidioaren gaia lantzen duen nobela grafiko bat sortzen ari da Sandra Garaioa ilustratzailearekin batera.

Udaberriko ekaitz batek harrapatuta taberna berean aterpe hartzen duten Xabi eta Arantxaren istorioa kontatu du Zure sotoko ardoa-n; bikote izan ziren garai batez. Elkarrekin bizitako uneak oroitzen hasiko dira, baita elkarren trapu zaharrak ateratzen ere.

Fernandinok bigarren aldiz irabazi du Cafe Bar Bilbao saria, 2015ean Un pequeño paso para el hombre lanagatik lortu baitzuen gaztelaniazkoa. Bartzelonan bizi den euskal antzerkigile, musikari, titiritero eta antropologoa da. Anodino teatro konpainiarekin zenbait obra estreinatu ditu, tartean Zeruan eroria eta Erbeste, eta beste antzezlan labur batzuk ere egin izan ditu. Titeres Desde Abajo konpainiako eta Pepe Otal txotxongilo etxeko kidea da. Euskaraz, gaztelaniaz eta katalanez idatzi ohi ditu bere antzezlanak.

«Maitasunaren komenigarritasunei buruz» aritu da Deus ex twingo-n. Izan ere, «gaur deseraikitze prozesuan dagoen substantzia lirdinga horrek» interes handia piztu izan du beti, bai noble eta aberatsen artean, baita, antzezlan horretan bezala, bi pertsona arrunten artean ere.

Gaztelaniazko atalean, Marieta Diaz de Toledok irabazi du sariketa, La tela de araña lanarekin. Hiru emakumek jasan izan dituzten izugarrikeriak salatuko dituzte lan horretan, errealitatea eta fikzioa nahastuko dituen «paranoia suntsitzaile eta fatalista batean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.