Hiru egun dira Tonga uhartedian Hunga Tonga Hunga Ha'apa sumendiak eztanda egin zuela, eta, ondorioz, tsunami bat eragin. Erupzioak kalte handiak eragin zituen komunikazio azpiegituretan, eta, ondorioz, oraindik ere ia ezinezkoa da bertakoekin harremanetan jartzea. Zeelanda Berriko Defentsa ministro Peeni Henare izan da bi hildakoen berri eman duena. Tongako herritar bat eta Erresuma Batuko beste bat dira hildakoak.
169 irlek osatzen duten Tongako uhartedia, eta 105.000 pertsona bizi dira bertan. Ingurua aztertzeko egindako hegaldietako irudietan ikusten denez, errautsez estalita daude uharteetako gehienak, eta kostako eremuak suntsituta. Nuku'alofa hiriburua dagoen Tongacapu uhartean ere kalteak handiak dira oso. Errautsak estalita daude inguru guztiak, eta eraikin gehienek kalteren bat jasan dute. Beste uharte batzuetan uholdeak ere izan dira. Hala ere, Mango eta Fonoi uharteek eragiten dute kezka nagusia. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, ez dute oraindik lortu han bizi direnekin hitz egitea, baina laguntza seinaleak jaso dituzte handik. Bi uharteak itsasoaren maila berean daude, eta 105 pertsona bizi dira bertan.
Uneotan edateko ura da irlen behar nagusia. Hori dela eta, Zeelanda Berriak eta Australiak hiru ontzi bidali dituzte giza laguntzarekin; ostiralean helduko dira haietako bi. Horrez gain, hegazkinak ere bidaliko dituztela iragarri dute, betiere lurreratze pista errautsez garbitzen dutenean. Adituak, baina, beldur dira errautsak ur baliabideak zikindu ote dituen.
Sumendia bera desagertu egin da ur azaletik. Sateliteen irudietan ikus daitekeenez, bi lur zati soilik geratzen dira azalean. aurrez baino askoz txikiagoak —lehen bi zati horien artean 1,2 kilometroko lur eremu bat zegoen—. Sumendia bera urpean geratu izanak zaildu egiten du haren aktibitatea kontrolatzeko adituen lana.