AET Administrazioan Euskaraz Taldeak ohartarazi du Lanbide Eusko Jaurlaritzaren enplegu zerbitzuak langabeei eskaintzen dizkien ikastaro guztiak gaztelaniazkoak direla. 585 ikastarotatik bakarra da salbuespena, zehaztu duenez; hain justu, euskaraz ikastekoa. Atzo egin zuen salaketa taldeak, eta Lanbideren ikastaroen eskaintza eguneratuari erreparatu dio BERRIAk. 574 ikastaro ageri dira gaur Lanbideren webgunean, eta bakar bat ere ez da euskarazkoa.
Herritar baten kexaren bidez izan du egoeraren berri AETek. Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen parte diren herrietan ere egoera berbera dela nabarmendu du taldeak, eta salatu gaztelerazkoak direla hizkuntzarekin zerikusi handia duten arloetara bideratutako ikastaroak ere: turismora, hezkuntzako teknologietara, bezeroekiko harremanetara...
AETek Lanbideri eskatu dio «baldintzak jar ditzala herritarrek aukera izan dezaten halako ikastaroak euskaraz egiteko». Hiriburuetatik eta Uemako herrietatik hastea proposatu dio. Halaber, Lanbideren webguneko bilatzailea «moldatzeko» ere eskatu dio, «hizkuntzaren araberako bilaketak egiteko».